Hiru ordu eta erdiz jardun zuten bertsolariek goizeko saioan. "Gorabeheratsu" aritu ziren bertsolariak goizean, Beñat Zamalloa eta Gorka Azkarate analistek nabarmendu dutenez. Haien ustez, Lujanbiok kartzelako lanera arte ez zuen bere maila eman, eta Arzallusen lana goraipatu zuten: "Ia segurutzat jo dezakegu buruz burukoan dela".
Hain justu, Arzallusen kartzelakoak sortu zuen txalo gehien ikusleen artean. Andaluziatik Donostiara joandako guardia zibil baten rola hartu zuen Arzallusek; "Baina heldu da aro berria / nunbait bukatu da gerla. / Ene zain daude majistratuak / eta auzitegi gela / bi ordu dira hontaz ta hartaz / galdezka ari direla / eta orain neu nago isilik / lehen mutil haiek bezela. / Tokatuko zait itzal luzea / zulo bateko kartzela / baina espero dut / presidenteak / indultatuko nauela" izan zen azken bertsoa, eta ikusleek txalo ozenekin saritu zuten.
Zortziko txikiko bertsoekin iritsi zen umorea aretora, eta eskertu egin zuten entzuleek. Algaraka jarri zituzten Unai Iturriagaren eta Igor Elortzaren bertsoek, talogileen paperean sartuta.