Gora eta gora

Arkaitz Mendoza.
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Musika

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Oleg Caetani

Egitaraua: J.Egigurenen Kindly Symphony, F.Schuberten 2.Sinfonia eta C.Francken Sinfonia Re minorrean.

Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.

Eguna: Otsailak 7.

Hazkunde eta igoera prozesuan abiatu da EOS azkenaldian. Aspaldian entzun dudan kontzerturik jatorrena eta gustagarriena burutu zuten aurrekoan Caetani italiarraren gidaritzapean. Egitaraua sinfonikoa guztiz, jorratutako lana txukuna eta dotorea eta emaitza handikeriatik aske, berebiziko eta sentikor. Caetanik ez zuen ordu parean ezer berririk erakutsi, eta hor izan zuen bere arrakasta; musikaren egituraz maiteminduta dagoen zuzendariak bakuntasunetik askatasunera eraman zituen musikari oro, beraiek dakitena azal zezaten, inongo trabarik gabe, podiumetik begiralearen rolaz jabetuz.

Schuberten sinfonian lehen eta bigarren biolinen lana premiazkoa izan zen obraren jariakortasuna garbi azal zedin, txalotzeko kemena azalduz, horretan bravo handia Raphael Christ kontzertinoaren indar sutsuari. Halere, Andante txataleko bost bariazioetan estu sentitu zen haize sendia, Caetanik ez zituen gehiegi gidatu eta azken atalean espero genuen pianissimi eta dinamika kontrasteak ezerezean gelditu ziren. Amaierako Presto vivace txalo artean biribildu zuen orkestrak segituan, oboea bikain eta haria izugarri. Ildo beretik gauzatu zuten Francken obra, frantziarrak hain maite eta bere zuen Cavaille-Coll organo handia entzun daitekeen obratzar honetan, handitasuna, sendotasuna eta kolore bilketa izugarria uneoro. EOSek eskainitako interpretazioak azaldutako adierazpenak bildu zituen maisutasun apartez, tronpa bakarlaria eta adar ingelesa goraipatuz.

Egiguren durangarraren estreinaldi bat tartekatu zigun orkestrak. Duela gutxi alargundu zaigun musikagileak bere emazteari omendu nahi izan dio sinfonia hau. Sinfonia atsegin bat idatz zezan gomendatu zion emazteak Egigureni, entzuleak bat-batean goza dezakeen horietakoa eta emaitza zorionekoa izan da. Egigurenen obrak ez ditu egilearen harmoniak eta polirritmiak zokoratzen, tonalitatearen tratamenduan gozagarri idatzi baitu obra berria. Metalak arnasestuka dabiltza, ez dute deskantsurako tarterik eta klarinete baxuaren garrantzia ezuste bikaina izan zen. Erritmoa, indarra, kontrajarrian pilatzen diren melodia txikiak eta sinfoniaren mamian garatzen den Adagio zerutiarra sekulakoa; zorionak, Egiguren!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.