Mikel H. Abaitua Borgesen hilobiraino joan zitzaigun maisuak bere obraren remake-ari buruz (eta, oro har, plagioari buruz) zeukan iritzia galdetzera. Ez zuen jaso, ordea, eskatzen zuen erantzunik.
Duela mende eta erdi ere, Dante Gabriel Rossetti margolariak ez zuen kritikaren aldetik espero zuen erantzunik jaso, urte batzuk lehenago emaztearekin lurperatutako poemak lurpetik atera eta argitara eman zituenean (Poems, 1870). Kritikak gogor egin zuen poema haien aurka, eta Rossettiren bizitzako azken urteak ilunak izan ziren, drogomendekotasunak eta desoreka mentalak jotakoak.
Baina, artearen munduan, hilezkor bihurtzen da, sarritan, artista. Borges bera hilezkor bihurtzeko ahaleginean ulertu behar litzateke, beharbada, Alfaguara argitaletxearen El hacedor (de Borges), Remake liburua (edo, apika, merkatuaren eta irabazien logikan kokatu behar genuke). Artistaren lanak berrargitaratzea, berridaztea edota haien pasarteak ekartzea delako artista denon memorietan mantentzeko modu bat da.
Saizarbitoriak ere hilezkorrago bihurtu zuen Rossetti, haren izena daraman Rossettiren obsesioa liburu zoragarrian. Rossettiren bizitzako hainbat datuz baliatuz, «testu bat bihurtzen zen gizon euskaldun eta emakume ez euskaldun baten arteko harremana aldi berean ahalbidetu eta oztopatzen zuena» (Ur Apalategi). Saizarbitoriaren eleberri honi esker, Rossetti gertukoago bilakatu zitzaigun.
Baina, kontuak zer diren, hariak harilkatzen hasita, Saizarbitoria bera ere fikziozko istorio batetako protagonista bihurtu zitzaigun iaz. Hain zuzen ere, Ur Apalategik Fikzioaren izterrak liburu zinez gomendagarrian idatzitako Bernardo et Ramon istorioko bigarren mailako protagonista. Berriro ere, artista hilezkor bihurtzeko ahaleginean, edo, nahiago bada, Saizarbitoriaren maisutasunaren aldarrikapenean. Izan ere, idazlea edo haren lanak aipatzea, berridaztea, plagiatzea... idazleari egiten zaion omenaldi gisa uler daiteke.
Eta, lurpetik hasitako lerroak umore puntu batekin amaitzeko, Anjel Erroren Nola jo larrua euskal idazle gazte batekin aholkuekin utziko zaituztet, han-hemen ikusi, entzun, bizi eta, oro har, plagiatutako aholkuek hilezkor bihurtzea merezi dutelako, beharbada. Plagiatutakoak izanik ere, edo beharbada, hain zuzen ere, plagiatzea merezi izan dutelako:
«Jo egiozu larrua euskal idazle gazte bati [...] Darabilen fikzioa eta errealitatea uztartzeko moduaz hasten denean, aukera duzu komunera joateko edo kalera zigarreta bat eskatu eta erretzera. Bizkaiko idazleez destainaz mintzatuko zaizu, mapa batean Segura non dagoen seinalatu ezingo balizu ere. Iparraldeko idazleez destainaz mintzatuko zaizu, egon den iparrena Hendaia bada ere. Ondoko mahaiko idazleei destaina egingo die, eta barran daudenei ere. Eta komunera joan berri direnei. Beka edo literatur sariren bat eskuratu dutenez edo erdarara itzuliak izan direnez gaizki esaka ibiliko da. Beraz, mesedez, gaueko une hori iristen denean, inoiz ez, inola ere ez, ezazu ahaztu hor larrua jotzeko zaudela. Ez da hainbesterako. Burua hustu ezazu. Milatik zeroraino zenbatu ezazu. Nire herriko neskatxa maite ahopean ibili ezazu. Ataka txar hori behin pasatuta, zeinean zure idazleak literaturaz baina batez ere bere buruaz hitz egingo dizun, zorionak, bestaldera igaro zara. Gogora ezazu edariak berak ordaintzeko esaten badizu ere, sosik ez duela. Hala ere, zure edaria baino ez ezazu ordaindu. Ez zara Caritas. Idazleak mantentzeaz Elkar Fundazioa eta Etxepare Institutua arduratzen dira».
Literatura. Hirudia
Gorazarrezko lapurreta txiki horiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu