Gorputza izango du ardatz Inmediaciones arte jaialdiak, Iruñean

Diziplina askotako emanaldiak eskainiko dituzte hiriko hainbat gunetan irailaren 3tik 8ra bitarte

Erredakzioa
Iruñea
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Inmediaciones arte jaialdia egingo dute Iruñean irailaren 3tik 8ra bitarte, eta gorputza izango da eztabaidagai nagusia, baina bestelako gaiak ere jorratuko dituzte parte hartzaileek, hala nola irudia, hitza, mugimendua, espazioaren erabilpena eta artearen etengabeko aldaketa prozesua. Laida Azkona, Ghislaine Verano eta Elisa Fernandez dantzariek bultzatu dute egitasmoa, artearen inguruko gogoeta bideratzeko. Jaialdiak tartea emango die aukera berrien eta berrikuntzen bila ari diren sorkuntza guztiei.

Antolatzaileen irudiko, gero eta zailagoa da arte generoen sailkapena egitea. «Diziplinen arteko muga gero eta lausoagoa da», adierazi dute. Horregatik, egitarauan ikuskizunak genero askotakoak dira. Sei egunean, dantza saioak, performanceak, antzerki emanaldiak eta tailer pedagogikoak eskainiko dituzte, besteak beste.

Aldaketa garaia da artean

Jaialdiaren bultzatzaileen aburuz, egungo unea oso garrantzitsua da artearen munduan. Horregatik, artistei dei egin diete momentu historiko, kultural eta sozial jakin honetan duten erantzukizunaz jabetzeko. Era berean, artistek dituzten zailtasunen harira gogoeta hasiko dute jaialdiko ikastaroetako batzuetan.

Inmediaciones jaialdiak ez du gune finkorik izango. Ekitaldi bakoitzaren beharren arabera, toki batean edo bestean izango dira emanaldiak. Irailaren 3an hasiko dira jaialdiko tailerrak, eta 5etik aurrera egingo dituzte gainontzeko emanaldiak. Irailaren 5ean Bea Fernandezen Muy experimental obra izango da, 20:00etan, Arrotxapean, Monasterio Zaharraren kalean. Eta Maia Villot de Diegoren Échale la culpa ere antzeztuko dute, 21:00etan, toki berean. Ostegunean, kaleko ikuskizunek izango dute garrantzia: 18:45ean Todos los grandes tienen problemas de piel eskainiko dute, Gaztelu enparantzako kioskoan. 21:00etan Observen cómo el cansancio gana al pensamiento ikuskizuna izango dute, Uharten. Sei egunetarako emanaldi mordoa antolatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.