Artista bere estudioan (III). Dora Salazar

Gorputzaren geografoa

Nabarmen egiten dute bat bizitzak eta arteak Dora Salazar artistaren estudioan. Elkarren ondoan dabiltza beti; elkar laguntzen eta elkar oztopatzen, oreka eskasean. Frogak badira: bere artelanekin batera arropa garbitu berriak ditu zintzilik lantokian.

Inigo Astiz
Zumaia
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Interferentzian bizi ditu Dora Salazarrek artea eta bizitza (Altsasu, 1963). Zumaiako bere estudioa da horren ispilu; arropak zintzilikatuta, arteari buruzko liburuak, ohea, artelan batzuk, telebista, maketak eta lanerako mahaia. Ordenatuta daude denak; bakoitza bere espazioan, baina gune berean denak. Izan ere, ez da oreka errazeko binomioa artearen eta bizitzaren artekoa. Donostian bizi zenean erosi zuen estudioa, baina orain Bilbon bizi da, eta trantsizio unea da hau beretzat. «Banabil Bilbon zer edo zer bilatu nahian. Gidabaimenik ere ez dut, eta urrun geratzen zait estudioa. Horregatik dauzkat hemen ohea, sukaldea eta beste guztiak. Etortzen naizenetan topera aritu ahal izateko». Txantxa egiten du sofa paretik pasatzean. «Egia esan, gero eta gutxiago da hau estudio, eta gero eta gehiago etxebizitza».

Berak diseinatu eta egin zuen estudioa. Bere neurrira, bere eskuz. Arkitekturaren inguruko diziplinek tentatu zutenean izan zen hori. Ederra da txokoa. Urola ibaia ikusten da leihotik, eta hango ontziak. Jendea ere bai, paseoan, Gernika parkean. Hasiera batean, estudioa erosi berritan herritarren arreta pizten zuen Salazarrek, eta bere arteari buruzko azalpenak ematen aritu behar izaten zuen luzez. Orain ohitu egin dira, dioenez, eta erosoago dabil. «Herrian bisitan direnek bakarrik egiten dizkidate galderak orain; hemengoak ohituta daude jadanik».

Bilaketa prozesuan dago orain. Ekainean erakusketa bat antolatu zuen Harkaitz Cano idazlearekin eta Joserra Senperena musikariarekin batera, eta, horren ondoren, norantz jo erabakitzen dabil orain. Martxan, halere. Bilbotik estudiora, estudiotik etxera, eta etxetik estudiora bueltan, batetik bestera, lana buruan daramala; ideiak paseatzen edo. Bizkor mintzo da, esku artean duen ur basoari trago txikiak eman eta eman. Ez dago urduri, baina baditu pertsona urduriek izan ohi dituzten keinu horietariko batzuk. Kalean jartzeko altzairuzko eskultura bat da orain gogoan duen lanetariko bat, eta Lizarrako ikastolako parke batean jarri nahi luke (Nafarroa). Giza irudia izango du oinarri, baina zuhaitz baten adarrak aterako zaizkio burutik. Hori du, behintzat, asmoa: gorputza eta natura batuko dituen pieza bat egitea. Anatomia eta fantasia. Bere lanaren ildo nagusietariko bi, alegia. Izan ere, nagusiki, gorputzaren geografoa da Salazar.

Erakusketak hustu dio estudioa, eta gehiegi ere ez dira han dituen lanak, baina baditu giza gorputzaren itxurako pieza batzuk. Ez du orain gorputzez hitz egin nahi, ordea, eta lan egiteko gunetik altxa, sofa atzean utzi, eta estudio sarrerako apalategira doa. Paisaiak ere landu ditu behin baino gehiagotan, eta lan horren emaitza izan diren liburuak erakutsi nahi ditu. Donostiako paisaiekin egin zuen haietako bat, eta Altsasuko paisaiekin beste bat. «Oso esker onekoak dira paisaiak, jendeari gustatzen zaizkio, eta nahikoa saltzen dira. Badute zerbait». Bilbon ere egin nahi du gisa horretako lanen bat etorkizunean, egunero bisitatzen dituen guneak margotuta. Ez du kalean aritzea maite, eta margotu nahi duen inguruaren argazkiak egin eta estudioan aritzen da horregatik. «Babesean», zehazten du.

Ekologia artistikoa

Ekologia artistikoa dei litekeen zerbaitetik gertu dago Salazarren diskurtso artistikoa. Neurriko sorkuntza bat da bilatzen duena. «Ezin duzu eguna eskultura egiten pasa. Mundua gauzaz beteko zenuke. Ekologiaz ari gara beti, eta ez du zentzurik orain dena gauzaz betetzeak. Begira nola dagoen estudioa gauzaz beteta, eta nire Bilboko etxea ere berdin, eta Altsasun dudan biltegia ere bai... Gelditzea ere tokatzen da batzuetan, besteek egiten dituzten lanez gozatzekoa eta paseatzekoa. Sortu egin behar da, bai, baina ideiak sortzea ere bada lanaren parte bat».

Hasieran objektuak sortzeko behar ikaragarria zuela aitortzen du, baina baretzen joan omen zaio urteekin. «Urtean bakarkako erakusketa bat baino gehiago egiten nuen garai batean. Zoramena zen; egun osoa ematen nuen horretan. Eskultura baino ez zegoen orduan. Orain, elementu gehiago ere badaude nire bizitzan, eta ez da hain erraza. Gauzak egiteko behar hori ere ez dut sentitzen, gainera».

«Lehen, erregularragoa nintzen», azaltzen du. «Orain, ez hainbeste. Lehen beti joaten nintzen estudiora, goiz eta arratsalde. Piezak etxean izateak ere hori du. Hasten zara sorkuntza lanean, baina ohartzerako etxeko lanak egiten zabiltza, edo kalera buelta bat ematera joaten zara». Bizitza eta artea berriz ere elkar desorekatzen. «Azken aldian, irakurtzea eta begiratzea ere hartzen ditut sorkuntza prozesuaren baitakotzat. Produkzioa jaitsi egin dut, baina hainbatean behin beharra sentitzen dut zerbait sortzeko, objekturen bat egiteko. Prozesuan murgilduta nagoela aurkitzen dut normalean lan egin ahal izateko bidea. Zorian, esperimentuan... Horretara nago ohituta, eta horren falta sentitzen dut. Nire parte ere bada hori».

Prozesua da zinez maite duena, ez emaitza. «Haiekin lanean ari naizenean interesatzen zaizkit nire piezak, gero galdu egiten dute lehen zuten interesa. Aritzearen plazera da nirea, eta aski zait piezen argazkiekin». Hain zuzen ere, familia argazkiekin alderatzen ditu bere lanak Salazarrek. «Zure bizitzako parte izan diren gertakariak ere badaude piezetan txertatuta. Horregatik, katalogoetan ikusten ditudanean, nire bizitzako pasarteak gogorarazten dizkidate, familiako argazkiekin gertatzen den bezala. Nire gauzak dituzte. Sortu nituen garaian non nengoen azaltzen dute. Sortu zireneko garaiaren ispilu dira». Bizitza puskak, alegia.

Orain gutxi tokatu zaio bere iraganeko ni horrekin aurrez aurre aritzea. Bere ibilbideari buruzko bideo dokumental bat egin diote, eta ekologiari buruzko gogoetara bueltatzen da berriz Salazar. «Filma ikustean, izutu egin nintzen orain arte egin dudan gauza mordoa ikustean. Akaso, ordua da hainbeste ez egin eta gehiago pentsatzeko». Artea eta bizitza berriz borrokan bere hitzetan. «Bizitza ere ez dago gaizki».

Bizitzaren simulakroa

Errealitateaz babesteko darabil artea. Susmo hori du. «Batzuetan estudioan bizi zara, eta zure bizitzaren simulakroa bizi duzu han. Espazio honetan bizitza badago, noski, eta baita nire piezetan ere, baina kontrolatzen dudan bizitza bat da. Nik zuzentzen dut. Kalekoa ez dut kontrolatzen, eta ukitzen nau. Artearekin ere bizitzara heltzen naiz, baina bitarteko baten laguntzaz, eta, beraz, distantzia batekin». Zein da, beraz, artearen eta bizitzaren artekoa? «Gauza bera dira», erantzuten du. «Baina, aldi berean, ez dira gauza bera. Bahe moduko bat da artea niretzat. Babes bat izan daiteke batzuetan. Bizitza oso gauza zabala da, eta objektuen bidez, artearen bidez, pixkanaka hura definitzen joaten garela uste dut nik. Hala babesten gara handitasun horretaz».

Artistaren nortasunaren ispilu da horregatik estudioa, Salazarren ustez. «Bizitzan funtzionatzen dugun bezala funtzionatzen dugu estudioan». Hala, bizitzarekin duen erlazioa da bere estudioan ikusten dena. Eta berdin beste artisten kasuan ere. «Dena ordenatzeko beharra sentitzen duenak, akaso, estudioa ere oso ordenatuta izango du. Baliteke, bestalde, estudioa ihesbide gisa erabiltzea ere, eta bizitzan onartuko ez lukeen kaosari sarbidea emateko erabiltzea. Giza faktoreari estuki lotutako zerbait da artea. Horregatik konektatzen dugu harekin, artearen historia ezagutu gabe ere. Beti izaten duen giza aztarna horri esker».

Giza gorputza izan da denbora luzez bere obren gai nagusia. Bere sinadura, kasik, eta hori da bere estudioan ikus daitekeena. Une batez, ordea, nazkatu egin zen horretaz. Bere burua errepikatzen zebilela sentitu zuen, eta, gorputzak utzita, arkitekturara pasatzeko saiotxoa egin zuen. Garai hartan eraiki zuen estudioa. Gorputzak baztertzeko sentitu zuen bultzada horren ondorioz. Gero, baina, bueltatu egin zen gorputzetara. «Orain, atzera begira, egia esan, iruditzen zait gorputza lantzeari utzi nahi izan nionean ere horixe izan zela sakonean nire lanaren oinarria: gorputza. Anatomikoa izan da beti nire lana. Gorputzarekin bizi dut espazioa, eta gorputzetik ulertzen dut eskultura. Gorputzaren bidez neurtzen dut denbora. Gorputza, beti gorputza. Oraindik ere misterioz beteta dago niretzat».

Moldeekin dabil orain lanean. Giza gorputz errealetatik abiatuta. Halako hainbat igeltsuzko lan ditu hasita estudioan. Armairu baten gainean ere pilatuta ditu giza irudiko hainbat eskultura. Isil eta geldi daude, eta gorputegi baten antza du gune txiki horrek. Berak ere onartzen du irribarrez, eta sareta batzuez du estalita txokoa. Figurazioa lantzen du eskulturan, baina elementu sinboliko batekin beti. «Gorputzetik abiatzen naiz, baina beste bide bat hartzen dut gero. Hegoak jartzen dizkiot, edo zuhaitz adarrak, edo...». Publikoarengana heltzeko bitarteko bat ere badira lan horiek beretzat. Panikoa ematen dio aktore lanak, jendearen aurrean dantzatzeak eta performanceak egiteak. «Nire ordez jartzen ditut objektuak lekuetan. Inoiz egin izan dut performanceren bat, baina ez naiz eroso sentitu. Nire piezak erabiltzen ditut aktoreak balira bezala. Beharrezkoa dut bitartekaritza hori».

Gorputza arma bat da

Giza figuraren bidez, generoaren eraikuntzari buruz ere egiten du gogoeta. Beti. Feminismoaren barnean ikuspegi berezia da berea, ordea. Hala ikusten du berak, behintzat. «Anbiguoa» da, dioenez, arte tradizioarekiko duen harremana. «Historikoki askoz ere gehiago landu da emakumezkoen gorputza gizonezkoena baino. Grezian, garai batean landu zen gizonaren irudia, baina ez emakumeena beste. Nik emakume gorputzak lantzen jarraitzea bada tradizio horren jarraipena hein batean, eta baita erantzun bat ere beste hein batean. Asko gustatzen zait hori. Gorputza badugu, eta zergatik ez erabili? Arma bat izan daiteke».

Gorputza, gorputza eta gorputza. «Beti gaude gorputzarekin bueltaka. Operazio estetikoak. Ezberdintasun ekonomikoak ere gorputzean grabatuta gelditzen dira, hezkuntza... Ahal dugunok zaintzen dugu gorputza. Kanpoko geografia dagoen bezala, gorputzak ere badu bere geografia, eta markatuta darama bakoitzak berea batetik bestera. Batzuetan badirudi gorputzarena azaleko kontu bat dela, baina oso sakona da. Iturri agortezina». Eta hor kokatzen da Salazarren lana: bizitza eta artea elkartzen diren gune horretan; gorputzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.