Gorputzari ikasitako sentipenak

Tere Irastortzak bizitzari eta zoriontasunari buruzko gogoeta egin du 'Eta orain badakit' poema liburu berrian

Poesiagintzan 30 urteko ibilbidea egina du Tere Irastortzak. Pamiela argitaletxearekin kaleratu du Eta orain badakit poema liburu berria. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Izendaezinaz saiakera liburua argitaratu zuen 2008an Tere Irastortzak (Zaldibia, 1961). Izendaezinetik «esan beharrera» igaro da poeta Eta orain badakit (Pamiela) lan berrian. Beste norbaiti esan beharrera. Sentimenduak ditu hizpide poemetan, eta haien guztien oinarrian mezu bat: «Dakizkigun gauzak oso oinarrizkoak dira, eta ez dakizkigu beti beste batzuk esan dizkigutelako, baizik eta gure gorputzarekin hala sentitzen ditugulako». Gorputzari buruzko gogoeta egin eta «liburu material bat» ondu du. «Behatz puntetan, ahurretan, begietan, eskuetan, oinetan sentitzen dena dago poemen oinarrian; bizitzeko eta bizitzari aurre egiteko gorputza da gure aurreneko lekukoa», azaldu du.

Bizimoduari buruzko sentipenak jaso ditu liburuan, «batzuetan bizitzari baietz esatea, beste batzuetan ezetz esatea, galderak egitea edo harritzea». Bai edo ezaren arteko eztabaidan, lehenaren alde egiten du Irastortzak. «'Ezari emateaz' hitz egiten du Mari Murumendikoak, eta ezari emana desagertu egiten da. Eta, berriz, gertatzen ez dena ere gertatu egiten da; askotan bizimodua konplikatzen zaigu gertatu ez diren gauzekin, baina gertatu zaizkigu».

Esateko behar hori sentitu zuenerako idazlea jabetua zen «beti aipatzen den poetaren bakardade hori ez dela egiazkoa; inor ez luke poesia argitaratuko irakurlerik ez balu, inork ez luke hitz egingo beste batek entzungo duela pentsatuko ez balu». Sentipenez beste bati hitz egiteko beharra dago bere poemetan. «Gure gizartean garai batean baino askoz gehiago hitz egiten da sentimenduez, baina ez nuke esango modu egokian egiten denik». Haren ustez, «ikuskizunaren gizartean» bizi gara: heriotzak oso modu tragikoan agertu behar du, eta festak, berriz, oso modu komikoan. «Sentimenduez hitz egin ez, eta ikuskizun horretan arau batzuk sortzera iritsi gara, beraz, esan beharreko hori da norbaiti esan beharra». Horretan saiatu da bera ere.

Hala, mintzagai dituen gaiak berriak ez badira ere —laguntasuna, amatasuna, bakardadea, beldurra... ditu hizpide—, «agian tonua da aldatu dena», haren ustez. Esan beharrekoak bakarrizketa moduan esanak dira, «baino ez norberarentzat hitz egiteko zentzuan, beste bati hitz egiteko zentzuan baizik». Hika idatzi ditu poema batzuk, zuka beste batzuk. Izan ere, haren ustez, «poesiak, literaturak eta bizitzak jendarte bat sortu behar dute, elkarrekiko harreman bat, harmonia bat». Liburua bere lagunez bete du horregatik, eta haietako bati, iaz zendutako Karmele Igartua poetari eskaini dio lana. Igartuaren Itsaso kontra bat liburuko poemak eta Irastortzaren azken lanekoak irakurri zituzten atzo iluntzean Donostiako Udal Liburutegian. Eta orain badakit laneko poemei buruz espresuki sortutako piezak eskaini zituzten Aitor Furundarenak, Garikoitz Mendizabalek eta Iñaki Telleriak errezitaldian, eta haietan oinarritutako irudiak, berriz, Izaskun Etxeberriak. Lan kolektiboa izan dela dio idazleak.

Zoriontasunaz gogoeta

Azken hamar urteotan hainbat egoeratan idatzitako poemak jaso ditu Irastortzak, eta iazko lehen lau hilabetean eman zion forma. Haiek idazteak baino gehiago, «guztiei segida bat emateak» eskatu dio lan gehien. Eta orain badakit izenburua dela-eta, «zer dakizu ba orain?» galdetu izan diote idazleari. Zoriontasunari buruz egiten duen gogoetarekin lotu du erantzuna. «Bazakinagu zierto ez garela / zoriontsu izango / izaten, berriz, asmatu arte», dio poema batean. «Negarrarekin identifikatzen ditugu sentimenduak askotan, eta nik uste dut pertsona bat zoriontsu sentitu denean gero agian zoritxarrak etor dakizkiokela, baina ja ezin da izan zorigabe».

Irastortzak poesiagintzan eginiko 30 urteko ibilbide «esanguratsu, oparo eta benetakoa» goretsi du Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak. Poetaren ezaugarrietako bat «benetakotasuna» dela nabarmendu du, «artifizio gehiegirik gabekoa, estetikari ez muzin eginez, baizik ez haren mesedetan utziz esan nahi duena». Lehen liburutik (Gabeziak, 1980) bere ibilbide poetiko osoan «ezagutzen ez dena, lurralde berriak, ezezaguna izendatzeko» saioa egin du Irastortzak, haren ustez, eta «izendatzeko behar» horretatik bere hizkuntza poetikoa «biluztuz, zehaztuz» joan dela. Lan berrian dena are gehiago zehaztera jo du. «Bere poesiagintzan eta euskal letretan mugarri berezi bat jarri du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.