Iazko eguberritan erosi zituen Ikean azken apalategiak, etxean geratzen zitzaizkion horma eta zirrikitu huts guztiak betetzeko adina. Eta jarri zituen liburuak, kokatu diskoak eta tokitu ikus-entzunezko lanak. Liburuak gaika sailkatuak: literatura liburuek jan zuten zatirik handiena; hizkuntzaren arabera eta hizkuntza bakoitzaren baitan modu ezberdinean atondu zituen fikzio lanok: gazteleraz eta ingelesez zirenak egilearen arabera, eta egileak elkarren arteko antzaren arabera taldeak osatuz; euskarazkoak, berriz, ezagunenak egileka, baina ezagunak ez direnak argitaldarika. Saiakerak, gaika, hizkuntza edozein dela: kazetaritza zientzia antropologia soziologia filosofia psikologia artea eta horien barnean azpi-gaiak: elkarrizketa kronika erreportaje lanak hedabideen teoriak genero berdintasuna indarkeriaren antropologia ondarea hizkuntza kulturgintza matematika. Arte katalogoak eta arteari buruzkoak elkarren babesean; argazki liburuak hurrena, nekazaritzakoak, oinordetzan jasotako 70eko hamarkadako liburu politikoak ondotik; aldizkari monografikoak, hiztegiak. Liburu orri artetik liburuarekin zerikusia duten edo autore beraren edo autorearen gainean idatzitako orri solte gero eta ximelagoak ateratzen direla. Gaien arteko mugetan edo apalategien ertzetan edo barreneko apaletan sailka ezinak diren liburuak, saiatuta ere inorekin ezkontarazi ezin direnak, ordenatu beharraren absurdoa gogora arazteko teman. Diskoak beti autoreka eta autoreak estiloka, laboa cashen ondoan, ordorika hyatt-ekin, faithfull anariren ezkerraldean. Gero, igual, aldatzen ditu, elkarrekin zerikusirik batere ez dutela pentsatuta, eta beste batzuekin lotzen ditu. Ikus-entzunezko lanek ez dute ordenarik, datozen bezala hartzen dute lekua.
Liburu disko bideo denak zutik ziren hasieran, eta izenburua beherik gora irakurtzeko moduan jarriak. Orain horiek gainean etzanda dituztenen oinarri dira. Lurrean, dorreak. Han eta hemen. Holaxe. Oraintsu arte buruan izan du liburutegia, zer non zeagoen. Azkenaldian ezer ez dago behar zuen lekuan. Edo lekuz aldatuta daude edo lekua aldatu nahi die. Alfabetoaren arabera antolatu adibidez, esaten du, baina gero eta gehiago kostatzen zaio egileen izenak gogoratzea. Bukatu zaio memoria lagunari, edo eraldatu egin zaio.
Zer den edukitzearen gosea, pilatu eta pilatu beharra, esaten diot. Liburutegiak ere hor dituzu. Baina ez du denborarik liburutegira joateko, ja behar ditu, oraintxe, eta liburutegiek ezin dute sortzen den informazio emaria ez jarraitu ez gorde, esaten dit. Horregatik, aspalditxotik, artxibatu eta karpetetan sartzen aritzen da dena. Ordenagailuan eta ordenagailuari erantsi dion memoria jasotzeko kutxan. Artxibatu eta artxibatu: gaika urteka eta motaka. Banaka, eta hiru horien arteko harremanaren arabera. Saretik hartzen ditu testu bideo albiste hitzaldi txosten ikerketa liburu film telefilm kantuak. Sarean, lainoan, goian nonbait dagoena, bertatik kendu edo jaistea galeraz dezaten edo galdu dadin baino lehen gordetzeko. Hasieran gauzak jasotzen zituen, objektuak, obra eginak bere horretan. Ekonomia txostena zen gordetzen zuena, liburua bera, kantua, bideoa. Demagun, Woody Allenen edo Abbas Kiarostamiren edo Casavettesen filmografia guztia, reggae musikaren diskografia osatuena. Ez du oraino dena ikusia ez entzuna. Ezta gutxiago ere. Baina, hor dut, hor dago, esaten dit. Azkenaldian, berriz, obren erreferentziak eta helbideak zerrenda luzeetara ekartzen ditu eta karpetetan atondu. Gorde nahi duena non topatuko duen da biltzen duena. Erreferentziak, alegia.
Liburuekin ere azkenaldian erreferentziaz erreferentzia dabil. Liburua bera baino bibliografia irakurtzen du lehenengo, eta horren arabera kokatzen ditu idazlea eta liburua talde joera edo ideologia batean, eta liburuak defenda dezakedanaren oinarrizko ideia bat jaso duela uste izaten du. Bibliografia horretan deskubritzen dituen izenburu iradokorreko liburuak erosi, eta lehen lana liburu berrien bibliografia arakatzea izaten du, autore hori noren alde eta noren kontra ari den asmatu arteko onik ez du izaten. Bibliografiatik bibliografiara sare bat osatuz doa autoreak han eta hemen kokatuz, batekin eta bestearekin harremanetan jarriz. Eta gai da bakoitzak zer defendatzen duen esateko bibliografiak aztertu liburuen atzeko azala irakurri eta googlen osteratxoa eginda soilik. Liburu bat bera irakurri gabe. Eta harrigarriagoa dena, ez da apenas erratzen. Liburutegian izanagatik, are ordenagailura jaitsita izanagatik ere, digitalizatuta sarean dauden milaka eta milaka literatur lanen helbideen zerrenda osatzen dihardu azken astetan, tartean dira Armiarma proiektuak euskal literaturako eta literatura unibertsaleko 377 obra digitalizatuak. Horien gose da. Gabonetarako libururik gehiago ez oparitzeko eskatu dit. Liburu elektronikoa ez bada behintzat.
Katuajeak
Gosea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu