Testuinguru soziopolitiko eta ekonomiko konkretu bat, gogorra, latza. Eta aita eta alaba baten arteko harreman arantzez betea. Bi planoek, bi kontaketek bat egiten dute Gotzon Barandiaranen estreinako nobelan: Errotik-en (Susa). Bilboko Euskalduna ontziolak 1984tik 1987 bitartean bizi izandako gatazka da testuinguru zehatz hori -2.461 langileetatik 200entzako tokia besterik ez zela izango adierazi zuen Espainiako Gobernuak 1984an, birmoldaketa asmoak abian jarri zituenean-.
Barandiaran umea zen gertaera haiek jazo zirenean. Hamar urte baino ez zituen, baina bizi-bizirik ditu "ontziolako langileak eta Espainiako Polizia aurrez aurre jarri zireneko irudiak". Garai hartan bizi eta sentitutakoa kontatu nahi izan du nobela berrian, "baina kazetaritza kronikarik egin gabe, pertsonaia literarioak erabiliz".
Pertsonaia literario horiek Luis Urresti Euskaldunako langilea eta haren alaba Lorea dira. Aitaren eta alabaren arteko solas etenek eta oroitzapenen hustutze idatzizkoek egituratzen dute kontakizun osoa. Barandiaranek faltan bota izan du euskal literaturan bere nerabezaroko garaia -80eko bigarren erdialdea- islatzen dituzten literatur lanak: "80ko hamarkada izugarria izan zen politikoki, sozialki, sorkuntzari dagokionez… eta orduko giro hori guztia azaltzen da liburuan".
Aurrez bi poema liburu idatziak ditu Barandiaranek: Arrakalak (2004, Susa) eta Katamalo (2007, Susa).
literatura
Gotzon Barandiaranek Euskalduna ontziolaren garai gatazkatsuan kokatu du 'Errotik' nobela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu