Soiltasuna, hitzetan eta doinuetan. Horixe bilatu du Olatz Zugastik (Hernani, 1965) bere azken lanean. Betiko bidelagunarekin, harparekin ondu ditu Gau hotzenean ere (Elkar) laugarren diskoko 14 kantuak, eta soiltasunerako bidea ibiltzeko, Mixel Ducau izan du lehen aldiz bidaide nagusi, gitarran, banbuzko klarinetean eta saxo sopranoan. Azken urteetako sentimendu, hunkidura eta bizipenak goxotasunez bilduta eskaini nahi izan ditu Zugastik lanean.
Goxotasun hori diskoari jarritako izenburu «iradokitzailean» ere suma daiteke. «Gau hotzenean ere esaldiari ere horrek zentzu positibo bat ematen dio. Gaua hotza da eta, berez, ez da gustagarria, baina hor ere egon litezke goxotasuna eta samurtasuna».
Duela zortzi urte kaleratu zuen aurreko diskoa musikariak, Elearen lainoa (Elkar), eta ordutik honako bizipen eta sentipenek diskoan eragin dutela uste du. «Bakartia kontsideratzen naiz; nire konstante bat da, eremu bakarti horien bila aritu naiz». Ordea, azken diskoa atera zuenetik hona hainbat talderekin lan egitea egokitu zaiola, eta horrek gizartearekin harreman estuagoa «zuzenean dastatzea» ekarri diola azaldu du. «Gauza askok harritu naute pentsaera aldetik, gizartean kontzeptuak nola makilatzen ditugun, bereziki herriari dagokionez... Sentimendu mikatzak ere sorrarazi dizkit, baina hunkidurak ere bai, eta uste dut bizipen horiek guztiak, nola edo hala, zuzenean edo zeharka, jasotzen direla kantu hauetan».
Berak ere kantuen hitzak egitean bere burua makilatzeko joera izan duela aitortu du Zugastik. Oraingoan, berriz, «hitzak zuzenak eta sentimendu xumeenak adierazteko ahalmena» izateari eman dio garrantzia. Berak idatzi ditu hainbat hitz, Arturo Campionen testu bat oinarri duen Gau hotzenean ere kantarena, esaterako. Baina badira Lazarragak XVI. mendean idatzitako Dontzellatxo olerkia eta Jose Ramon Uriarteren eta Josu Galdosen kantu bana ere, besteak beste.
Hitzetan bilatu duen biluztasunari harparekin ondutako doinuetan ere jarraitu nahi izan dio, eta alboan izan dituen musikariek jatorrizko giro hori mantentzearen alde egin dute. Zugastik sortu ditu doinu gehienak, baina zenbait herri kanta eta folk doinuak ere badira; Brendan Graham kantugile irlandarrarekin elkarlanean sortutakoak, kasu.
Aipamen berezia egin die Orioko Olaxka ahots taldeko gaztetxoei. Haiekin lan egiten du, eta haiekin grabatu ditu diskoko azken bi kantak. Bizirik gaudelako estudioan grabatu zuten, baina «hotz samarra» geratu zenez, azkenean ikastolen ekitaldi batean zuzenean eginiko saioaren grabazioa sartu du diskoan. Oria ibaia, berriz, Zugastiren etxean bertan grabatu zuten.
Bi kanta, Interneten salgai
Diskoan «kantu adierazkorrak eta karga emozional handikoak» daudela uste du Anjel Valdesek, Elkar diskoetxeko arduradunak.Zugastiren sorkuntzaren ardatza betidanik harpa izan dela gogorarazi du, eta horrek berez ematen diola berezitasun bat. Baina azken lanetik «soiltasunaren aldera oreka berriak» topatzeko eginiko ahalegina nabarmendu du. «Elementu gutxirekin baina interprete bikainez inguratuta disko sotil bat sortu du, edertasunez betea».
Diskoaz gain, beste bi kantu berri salmenta digitalaren bidez kaleratu dituzte: Bizirik gaudelako kantuaren beste bertsio bat, haurren ordez Zugastik kantatua; eta Gau hartan Teodebaldo Nafarroako erregearen melodia baten moldaketa instrumentala.
Goxotasuna gau hotzean
«Sentimendu xumeenak» agertzeko hitzak eta doinuak bilatu ditu Olatz Zugastik laugarren diskoko 14 kantuak ontzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu