literatura

Gozamen kutsakorrekoa

Mikel Antzak 'Atzerri' (Susa) kaleratu du. Autorearen ustez, "atzerriaren mikatza eta idaztearen gozoa" nahastu ditu bere bigarren nobelan. Idazkiaz gain, Antzak liburuaren nondik norakoak azaltzen dituen audio grabaketa bat bidali du.

Igor Susaeta.
2012ko urriaren 30a
17:13
Entzun

Une honetan Lyongo Corbais kartzelan (Frantzia) preso dago Mikel Antza —sortzez, Mikel Albisu—, eta handik bidalitako idazki batean eman ditu nobelaren xehetasunak. "Bizitakotik" bezala, Atzerri-k "asmatutakotik" baduela dio, eta lan "eliptikoa eta aldebakarrekoa" atera zaiola nabarmendu du. "Eliptikoa, narratzen denaren ondoren beste mundu batzuk daudelako. Eta aldebakarrekoa, egungo haize boladen alde egiteagatik baino gehiago, mugaren eta barrikadaren alde batetik idatzita dagoelako".

Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreari "maisulana" iruditzen zaio Antzaren lana. "Xehetasunez betetakoa eta gertakari txundigarriz saretutakoa". Kartzelaren zanpaketa, ihesaren ametsa, erbestearen bakardadea, amodioaren grina, literaturaren emozioa eta liberazioa, eta klandestinitatearen zorroztasuna dira nobelaren ardatzak, Arreseren iritziz.

Gaur goizean aurkeztu dute, Donostiako Udal Liburutegi zaharrean, eta Mandas aretoa bete dutenen artean zeuden Eneko Olasagasti zinemagilea eta Xabier Gantzarain eta Harkaitz Cano idazleak, besteak beste. Hain zuzen, Canok berak egin du liburuari buruzko iruzkina, eta nabarmendu du literatura "zainetatik" dariola nobelari. Twist-en (Susa) egileak uste du kartzelatik ihes egiteko modu bat dela Antzarentzat idazle izatea eta nobelak "gozamen kutsakorra" transmititzen duela. Hori bera aitortzen du Antzak idazkian: "Idazketan gozatu egin dudala aitortu behar dut".

80ko hamarkadaren hasieran bi narrazio liburu eta antzerki obra bat kaleratu zituen Antzak, baina gero, erbestean ibilitako hemeretzi urteetan ez zuen alerik argitaratu. 2004ko urrian atxilotu zuten. 2010ean, Ospitalekoak (Susa) eleberriak ikusi zuen argia, eta iaz, berriz, Bakarmortuko kronikak (Ateramiñe) kronika liburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.