Donostiako Zinemaldiaren erdian, ELAk eta LABek deitutako greba orokorra izango da, hilaren 26an. Egun horretarako zerbitzu minimoei bakarrik eutsiko diete Zinemaldian ere. Kursaaleko emanaldiak bakarrik mantenduko dituzte: Sail Ofizialekoa eta Zuzendari Berrien Saileko pelikulak daude iragarrita egun horretarako. Donostiako gainontzeko aretoetan ez da filmerik emango. Bestalde, informazio gunea eta zinemaldiko denda ere itxita egongo dira.
"Nahiago genuen greba orokorraren deialdiak Zinemaldiko egunekin bat egin ez balu", aitortu du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak. "Gogorra izango da, kostu ekonomiko handia izango duelako, baina egoera hauxe daukagu. Gure arazoak konpontzen errazagoak dira, gaizki dauden familia horienak baino", azaldu du.
Rebordinosek esan du egun horretan ez dela ekitaldirik egingo. Bertan behera gelditu da egun horretarako antolatutako Euskal Zinemaren gala. "Lan egin nahi duten eta ez duten langileak errespetatuko ditu jaialdiak. Sentiberatasun gutxienekoa izan behar dugu egoerarekin. Egun hori, gutxienez, gogoetarako eguna da".
Sarrera batzuk salgai daude
Gaur 10:30ean jarri dira salgai Donostiako Zinemaldiko galetarako sarrerak (hasiera, Donostia Sariak eta amaiera). Telekutxa eta Kutxako kioskoetan egongo dira eskuragai. Beste sarrera guztiak igandean jarriko dituzte salgai.