Kultura

Gregorio Diaz Ereño hautatu dute Oteiza Museoko zuzendari

Lizarrako Gustavo Maeztu museoko zuzendari izan da orain arte. Pedro Manterola egungo zuzendariak aspaldi agertu zuen kargua uzteko gogoa. Erronka handiei egin beharko die aurre Diaz Ereñok, Jorge Oteizaren mendeurrena ospatzen baita aurten.

2008ko martxoaren 25a
15:34
Entzun
Oteiza Museoa Fundazioko patronatuak Gregorio Diaz Ereño hautatu du museoko zuzendari, kargua uzteko gogoa aspaldi adierazi zuen Pedro Manterolaren ordez. Lizarrako (Nafarroa) Gustavo Maeztu museoko zuzendari da egun Diaz Ereño, eta arte ikertzaile eta Artearen Historian aditua da. Arlo horretako argitalpen ugari plazaratu ditu. Lan horietako asko Camino Paredes Nafarroako Kultura zuzendari ohi eta emaztearekin batera egin ditu.

Azken urteetan Altzuzako (Nafarroa) Oteiza Museoa gidatu duen Pedro Manterolak 2006ko abenduan agertu zuen kargua uzteko asmoa, baina orain arte lan horretan jarraitu du patronatuko kideek ordezko egokia aurkitu bitartean. Sorrerako liskarrak baretzen eta museoa eta Oteizaren inguruko ikerketa gunea martxan jartzen asmatu du Manterolak, eta haren oinordekoak lan horri segida eman beharko dio. Gainera, aurten erronka handiei egin beharko die aurre, Jorge Oteiza (Orio, 1908-Donostia-2003) artistaren mendeurrena baita. Besteak beste, Oteizaren inguruko nazioarteko batzarra egingo da udazkenean.

Fundazioko patronatua Nafarroako Gobernuko ordezkariek eta Oteizaren inguruko hainbat lagunek osatzen dute, eta harreman tirabiratsuak izan dituzte; Gobernuko ordezkariekin lerratu dira batzuk eta haiek museoari eman nahi zioten norabidearekin kritiko izan dira beste batzuk, hala nola, Juan Antonio Urbeltz, Joxe Anjel Irigarai, Jaione Apalategi eta Xabier Morras. Nolanahi ere, giro hori baretzen jakin du orain arte zuzendari izan den Manterolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.