Iaz arrakasta handia izan zuen, Donostiako Jazzaldian, publiko nahiz oihartzun aldetik, Gregory Porter jazz kantari estatubatuarrak. Hark itxi zuen iazko jaialdia. 2018ko edizioan ere, 53.ean alegia, berriro izango da Jazzaldian, laugarrengoz bere bizitzan, kasu honetan Nat King Coleren abestietan oinarrituriko proiektu berriarekin, orkestra sinfoniko bat lagun duela. Jazz ahotsei erreparatuko die, besteak beste, datorren urteko Jazzaldiak. Cecile McLorin Salvant estaubatuarra "kantari gaztea, desberdina, asmamen eta klase handikoa" da, antolatzaileen iritzian; eta Jacob Collier ingelesa "harrigarria, hainbat musika tresna jozten dituena eta beraldiko abeslaria".
[youtube]https://youtu.be/w4oSuqhp6Js[/youtube]
2018ko uztailaren 25etik 29ra egingo da 53. Jazzaldia, eta antolatzaileek lehen parte hartzaileak jakinarazi dituzte. Egitarau osoa urtarrilean iragarriko dute eta otsailean jarriko dituzte sarrerak salgai.
Beste izen nagusi batzuk ere aurreratu dituzte: Carla Bley pianista estatubatuarra Steve Swallow baxu jotzailearekin eta Andy Sheppard saxo jotzailearekin ariko da, hiruko moldean. Eta hirukote moduan ariko dira Dave Holland (baxua), Chris Potter (saxoa) eta Zakir Hussain (perkusioa) ere.
[youtube]https://youtu.be/YkBU5aM_6zM[/youtube]
Bruce Barth piano jotzailea Pasadenatik (Kalifornia, AEB) etorriko da eta jazz jiteko omenaldia egingo dio Grateful Dead rock talde mitikoari. Julian Lage gitarra jotzailea, Dick Oatts saxo jotzailea (laukote formazioan, eta Victor de Diego saxo jotzaile bilbotarra kide duela), eta Endangered Blood laukotea ere izango dira hurrengo Jazzaldian.
GoGo Penguin talde ingelesak jazz hiruko formazioen kontzeptu berritzailea oholtzaratuko du, eta bi musikari libanoar aski interesgarri ere izango dira Donostian: Rabih Abou Khalilek oud musika tresna jotzen du eta eskarmentu handia du jazz garaikideko hainbat musikariren alboan; Naissam Jalalek flautarekin "jazz proporamen indar handikoa" egiten du, bere sustraietatik abiatuta.
[youtube]https://youtu.be/dJgAz22AyF4[/youtube]
Iñaki Salvador piano jotzaile donostiarra sarri izan da Jazzaldian. Mikel Laboari omenaldia eskainiko dio 2018koan, haren heriotzaren 10. urtemuga gogora ekarriz. Marco Mezquida pianista balearrak, aldiz, Maurice Ravelen errepertorioa hartuko du ardatz. Emile Parisien saxo jotzailea, Vincent Peirani akordeoi jotzailea, Mederic Collignon tronpetista eta Tom Ibarra gitarra jotzailea izango dira Frantziako jazz berriaren oihartzuna ekarriko dutenak. Ibarrak 19 urte eskas dauzka, eta Rising Stars lehiaketako irabazlea izan berri da.
[youtube]https://youtu.be/-PlpyCfFiqo[/youtube]