Espainian konfinatuta egon ondoren, Italiako bizilekura itzuli zen Grigori Sokolov pianista errusiarra, eta han prestatzekoa zen aste honetan Santanderren (Espainia) eta Donostian eman beharreko kontzertuak. Alabaina, atzo arratsaldean Italiako Gobernuak argitaratutako ebazpenak neurri zorrotzagoak ezarri ditu Espainiatik eta, horrenbestez, Hego Euskal Herritik Italiara joaten diren bidaiarientzat. Hori dela eta, Musika Hamabostaldiak jakinarazi duenez, pianistak Italian geratzea erabaki du, eta musika jaialdiaren antolatzaileek bertan behera utzi dute igandean Kursaaleko auditoriumean egin behar zuen kontzertua.
Hamabostaldiko Lagunek kontu korrontean jasoko dute, zuzenean, kontzertu horren sarrerei dagokien zenbatekoa. Internet bidez sarrerak erosi dituztenei zuzenean itzuliko zaie dirua. Azkenik, sarrerak leihatilan erosi zituztenek [email protected] helbidearen bidez edo 943-003170 telefonoaren bitartez jarri beharko dute harremanetan Musika Hamabostaldiarekin, sarrerei dagokien dirua berreskuratu ahal izateko.
Sokolovek Wolfgang Amadeus Mozarten eta Robert Schummannen obrak interpretatu behar zituen Musika Hamabostaldian.