Katuajeak

Gu nork irakurriko

Lorea Agirre.
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroako gobernuak oso garbi dauka kontua: horrelaxe esan zuten orain bi urte, «lehentasun kontua» zela euskarazko hedabideak diru laguntzarik gabe uztea. Nafarroako gobernuak badaki hedabideena ez dela berriak bildu eta emate kontu huts bat, eta horregatik da garrantzitsua eta are estrategikoaeuskal hedabideei diru laguntza publikoak ukatzea. Hitz horiekin eurekin azaldu zezakeen Alberto Catalan Hezkuntza kontseilariak zergatik banatu zituen 9.587 euro baino ez –laguntza ez zelako zero izan, ez–,krisiaren aitzakia aitatzen ibili ordez. Estilo kontua izango da. Hain zakarrak ere ez dira.

Asteon, euskarazko 80 hedabide ez-publikok (baina ez horregatik pribatuak) sektorea krisi larrian dagoela esateko agerpen publiko bateratua egin dute, eta erakunde publikoen konpromiso irmoa eskatu dute. Catalanek erakutsi zuenaren tamainakoa, alegia estrategikoa, baina kontrako norabidean.

Baina zer dira ba hedabideak, paperean, uhinetan edo pantailetan, hitzak eta hitzak, idatziak eta esanak, besterik baino, halako estrategikotasuna aitortzeko?

Espainia, bere geografian, bere hizkuntzan, bere kulturan, bere biztanleriaren izaera soziopolitikoan, bere ekonomian, bere hezkuntza eta bere estatu politikoan, ba ote den, badela, nola dakite espainiarrek? Non ikusten dute Espainia? Nola jakiten dute badela autoa hartu eta Huelvatik Kantabriarainoko bidaia egin beharrik gabe? Gainontzeko gazteleradun guztiak banan bana ezagutu beharrik izan gabe nola dakite hiztun kide eta horrenbestez komunitate kide dituztela? Nola daki zientzia, gizarte gaiak, aisia, kultura, politika, ekonomia, gastronomia espainolez mintzo direla? Nolatan ezagutzen dira bata bestearen buruan Londresko kale batean topo egiten duten bi espainiarrek?

Catalanek oso ondo daki: Nagusiki bi bide baino ez daude, han eta hemen, mirakulu hori guztia gerta dadin. Hezkuntza sistema, bata, eta hedabideen sistema, bestea. Eta horren arabera egiten du politika.

Hedabideetan ikusten dute egunero egunero, euskarri batez edo bestez, Espainia espainiarrek. Espainiaren irudia bere osotasun eta mailaketa guztian, alor orotan. Espainiako estatua El País egunkaria da. Zenbatetan entzun dugun. Le Monde Frantziako estatua den legez. Osatu zakua herrialde bakoitzeko hedabide txiki, handi, lokal, nazional eta edozein motatakorekin. Espainiarrak edo frantsesak partaide dituen baina zuzenean ezagutu ezin dezaketen komunitate hori imajinatzeko, eta horrenbestez, komunitate hori errealitate bihurtzeko zeregina betetzen dute hedabideek. Alegia, koadrilako edo familia bereko egiten dizkie norberaren geografiako hizkuntza bereko hiztun guztiak.

Zein da euskaldunon ez-estatu estatu hori? Non egikaritzen da egunero Euskal Herria eta euskara? Non eta nola eraikitzen da euskaldunon komunitate imajinatu hori?

Egunkari honek egunero marrazten dit nire geografia: Karrantzako eta Sohütako berri bana elkarren ondoan emanda. Egunero erakusten dit auto istripua nazional batean Baionako norabidean, eta ez Irungoan, gertatu dela. Egunero agertzen dizkit astrofisikaz, medikuntza alternatiboaz, soziologiaz, nekazaritzaz eta bestez dakiten aditu euskaldunak. Egunero ematen dit euskarazko kulturaren berri. Egunero bereizten dizkit euskaldunak eta euskalerritarrak. Egunkari honek eta beste hainbeste astekari, irrati, webgune eta telebistek. Ez euskaraz diharduten guztiek, hala ere.

Euskaraz egite hutsa ez baita nahikoa. Gaztelerazko edo frantsesezkoproduktuen itzulpena –bakoitza bere komunitate imajinatua eraikiz– ez doa inora, ez bada frantses-tasuna edo gaztelera-tasuna elikatzera. Hedabideek egin eta eragin egin behar dute. Komunitatea sortu, birsortu, elikatu eta berritu. Gugintza bat da. «Euskarak zehazten du geu horretan kabitzen den guztia: euskaraz kontatzen dugu mundua. Eta euskaraz kontatzen dugulako, Irun ez da hiri fronterizoa, gure letren gailurra ez da Cervantes. Kontu elementalak dirudite». Baina ez dira. Horrela hitz egin zuen Anjel Lertxundik euskal kazetarien kongresu batean.

Egunkaria itxi eta egun gutxira Anari kantariak esaldi labur batean esan zuen hemen dabilkigun guztiaren muina: «Garrantzitsua ez da guk Egunkaria irakurtzen genuela, garrantzitsuena da Egunkaria-k gu nola irakurri gaituen».

Horretarako dira hedabideak, komunitatea irakurtzeko. Estrategikoak badira estatudun hizkuntza handien komunitategintzarako, zer ez ote dira ez-estatudun hizkuntza gutxituen komunitategintzarako, guretzako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.