Bilboko Guggenheim museoaren «dimentsio artistiko eta kulturala» aintzat hartuta, hura «modu aktiboan eta baldintzarik gabe» babesten jarraitzeko. Horixe eskatu zion Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari, atzo eginiko saioan. Halaber, erakundeei eskatu zien «elkarlanerako gogo hoberenaz» landu dezatela Solomon R. Guggenheim fundazioarekiko akordioaren negoziazioa.
Antonio Rivera Kultura sailburuordeak eginiko adierazpen batzuen harira mozio bat aurkeztua zuen EAJk, Riverak museoarekiko babesa zalantzan jarri zuela iritzita. Ordea, mozioari PPk aurkeztutako osoko zuzenketa atera zen aurrera eztabaidan, PPko eta PSE-EEko legebiltzarkideen botoei eta gainerako taldeen abstentzioari esker. Auziaren inguruan PSE-EEk «mintzaira bikoitz onartezina» darabilela salatu zuen Leire Corrales legebiltzarkide jeltzaleak. Riveraren dimisioa eskatua dutela gogoraraztearekin batera, bere hitzaldietan kultur azpiegiturei duten balioa aitortzeko eskatu zion sailburuordeari.
«Gatazka nahi izatea» egotzi zien jeltzaleei Pilar Perez Fuentes legebiltzarkide sozialistak, baita Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean «etengabeko liskarra» elikatzeko museoa erabiltzea ere. Guggenheim museoa «guztiona» dela eta, hortaz, modu «eraikitzailean» jarduteko eskatu zuen PPko Carmelo Barriok. EBko legebiltzarkide Mikel Aranaren ustez, berriz, Guggenheim museoak «arrakasta eztabaidaezina izan du, baina baliteke izateari uztea».
Guggenheim «baldintzarik gabe» babesten jarraitzera deitu dute Jaurlaritza
PPk aurkeztutako osoko zuzenketak aurrera egin du Legebiltzarrean, eta gatazka nahi izatea egotzi diote sozialistek EAJri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu