Bilboko Guggenheim museoak bestelako museoetan egiten ez den ibilbide berezi bat asmatu du: Guggenheim +, bisitaldia museoaren ezkutuko txokoetan barrena eramango duen esperientzia. Gaur aurkeztu dute egitasmoa, eta martxoaren 30etik aurrera egongo da salgai. "Euskadiko TOP esperientziak" egitarauaren barruan dago ibilbide hau, eta Basque Tour turismo agentziaren laguntza izan dute.
Helburua erakusketa bat nola prestatzen den ikustea da, artelanek egiten dituzten bidaien testigu izatea. Horretarako, erakusketa taxutzen den guneetara joango dira bisitariak, kaia, karga-altxagailua, biltegia, artelanak zaharberritzeko gela, liburutegia, eta abar. Gainera, erakusketa bateko artelanak garraiatu eta ipintzeko zailtasunak azalduko dituzte. Bestalde, bisitarien ongizatea eta segurtasuna bermatzeko instalazioak ikusiko dituzte, tamaina eta berezitasunagatik oso erakargarriak izan daitezkeenak. Bukatzeko, Michelin izar bat lortu berri duen Negua goi mailako jatetxearen sukaldera sartuko dira; eta prestatutako pintxoak dastatzeko aukera izango dute.
Urte amaiera arte, bisitaldia hiru hizkuntzatan egin ahalko da: ostiraletan ingelesez, larunbatetan gaztelaniaz eta igandean frantsesez. Sarreren prezioa 60-75 euro bitartekoa da, eta ezinbestekoa da Guggenheimen webgunean erreserba egitea.