Abangoardiaren hiriburu izan zen Paris XX. mendeko lehen erdian. Han sortu zuten kubismoa Picasso eta Braquek, han jo zuen abstrakziorantz Kandinskik eta han loratu ziren surrealisten ametsak ere. Garai eta leku horretan jarri du horregatik begia Bilboko Guggenheim museoakHiriko ikuspegiak. Parisko Eskola, 1900-1945erakusketarekin. “Iraultza estetiko baten mugarri nagusiak ikus daitezke erakusketan”, azaldu du Lauren Hikson komisarioak. Urriaren 23ra arte egongo da zabalik.
Europako artearen lehen lerroko artisten 50 pieza erakusten ditu bildumak, guztira, eta museoko hiru areto betetzen ditu. Picasso Parisera heldu zen garaiarekin hasten da ibilbidea, eta II. Mundu Gerra hasierarekin amaitu, eta sortzaile ezagun askoren lanak ikus daitezke tartean. Braque, Derain, Modigliani, Tanguy, Brancusi, Chagall, Arp, Duchamp, Gris, Delaunay eta Kandinski, kasurako. Baina baita gehiago ere. “Oso lan ezagunak dira”, onartu du komisarioak. “Baina sorpresa asko ditu erakusketak. Zerbaitegatik deitzen ditugu pieza hauek maisulanak. Ezin dira agortu. Berdin du zenbat aldiz begiratzen ditugun, beti dute zerbait berria erakusteko".
New Yorkeko maisulanak
Guggenheim Fundazioak euskal erakundeekin iaz berritutako hitzarmenaren emaitza da erakusketa. Izan ere, New Yorkeko Guggenheim museoaren bildumako maisulan nagusiak Bilbon ere erakusgarri jartzeko konpromisoa hartu zuen museoak, eta orain ikus daitekeen bilduma da erabaki horren lehen fruitua.