kulTURA

Guggenheim museoko finantza zuzendari ohiak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra onartu du

1998-2005 artean milioi erdi pasa euroz jabetu izana aitortu du Roberto Zearsolok. Ez du nahi izan epaiketara iristerik, eta ontzat jo du Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren eskaera. Bilboko Epaitegiak epaia atera beharko du orain.

2009ko irailaren 29a
20:32
Entzun
Roberto Zearsolo Guggenheim Bilboko museoko finantza zuzendari ohiak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra jasotzea onartu du. Diruaz bidegabe jabetzea egozten diote eta agiri faltsuak erabiltzea ere bai. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatua zuten zigor hori, eta Bilboko Epaitegiko epaileari adierazi diote ondo ikusi dutela hark eskaera onartu izana. Orain epaitegiak epaia atera beharko du.

1998 eta 2005 artean 556.482 euroz jabetu izana aitortu dio Zearsolok Bilboko Instrukzio Epaitegiko 1. aretoko epaileari, eta ez duela nahi epaiketara iristerik. Museoko patronatuak iazko martxoan sartu zuen haren kontrako salaketa. Joan den urteko uztailean akusatuak berak esan zuen 437.900 euro itzuli zituela.

Zearsolok hainbat eragiketen bidez museoko kontu korrontetik berera pasatu zuen dirua. BBK-ko zuzendariak jakinarazi izan duenez, Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendari nagusiak soilik egin ditzake mota horretako eragiketak. Guggenheimeko kontu korronteetara sartzeko baimena gutun bidez eskatu zuen Zearsolok, eta kutxako langileak eman egin zion, "susmo txarrik ez ziolako hartu".

Eusko Legebiltzarraren ustez, "kontrol prozedura ezak" eraman zuen hura iruzurra egitera, 1998az geroztik museoan inolako kontu ikuskatzerik ez egitea erabaki zelako Bidarteren oniritziarekin. Kontrol eza hori berriro gerta ez dadin Guggenheim museoko bi sozietateen administrazio kontseiluak berehala berritzeko eskatu zuen Legebiltzarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.