Orainari begiratzea, eta bertakoari erreparatzea. Hori ere bada Bilboko Guggenheim museoaren egitekoetariko bat. Eta horretarako elkartu dituzte 70ko hamarkadan sortutako hiru euskal sortzaile. Erlea Maneros Zabala (Bilbo, 1977), Xabier Salaberria (Donostia, 1969) eta Iñaki Garmendia (Ordizia, 1972). Hirugarren aretoa eskaini diete, eta bakoitzak gune berezitua du haietariko bakoitzak. Hiru sortzaileen arteko komuneko puntuak nabarmendu dituzte, halere, Lucia Agirre eta Alvaro Rodriguezek, erakusketako komisarioek. “Historiaren gaineko interesa dute hiruek”. Eta hura berrinterpretatzen egiten dute lan maiz.
Museorako espresuki obra bat sortzeko ere eskatu diete hiruei, eta beste piezekin batera jarri dituzte lan berri horiek ere ikusgai. “Lan zaila proposatu diegu artistei”, aitortu dute komisarioek, “beren orain arteko lanari begira jarri ditugu, baina baita zerbait berria egiten ere”. Aldi berean, atzera eta aurrera begira jarri dituzte, beraz. Baina zeregina zaila zen arren, emaitza “bikaina” izan dela zehaztu dute, halere. Hor sortu da polemika, ordea.
Artxiboa eta errepikapena
Maiz egiten du lan artxiboekin Maneros Zabalak. Eta hori da erakusketarako sortu duen piezan egin duena ere. Atzera begira bere lanik esanguratsuenak biltzeaz gainera, Lazkaoko artxibategi batetik berreskuratze lan bat sortu du Guggenheimerako. 1961 eta 1967 urteen artean argitaratutako Pelix aldizkaria oinarri hartuta, brontzezko xafla batzuk sortu ditu. Aldizkaria ere digitalizatu egin du, bestetik, eta www.pelix.us orrian jarri du osorik.
Xabier Salaberriak uko egin dio erakusketa atzera begirako gisa antolatzeari. Azaldu duenez, “errepikapen estrategia bat” baliatu du erakusketa antolatzeko. Eta horregatik eraldatuta erakutsi ditu bere orain arteko lanak. Arkitektura, diseinua eta artearen artean mugitzen da donostiarra, eta hori da erakusketan ikusi daitekeena. “Niretzako berdina da arte pieza, eta pieza hori erakusteko erabiltzen den sistema. Berdina da koadroa eta markoa”. Eta ildo hori landu du musoerako propio sortutako piezan ere.
Iñaki Garmendiak Oteizaren bustu bat hartu du oinarri sormen lanerako, eta balizko egile eskubideengatik ez erakusteko gomendioa eta polemika gorabehera, bere ibilbideko pieza garrantzitsuenetariko batzuk ere hartzen ditu erakusketak. ETAk lehertutako Txitxarro diskotekarekin egindakoa, adibidez, eta baita 2004an Gure Artea Saria jaso zuen Kolpez kolpe lana ere.
Otsailaren 16ra arte izango da zabalik erakusketa.