Guggenheimek erakusketa bat gutxiago izango du 2011. urtean

Bilboko museoaren aurrekontuak %0,7ko murrizketa izango du, egoera ekonomiko zailaren ondorioz

Erredakzioa
Bilbo
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Bilboko Guggenheim museoak %0,7ko murrizketa izango du 2011ko aurrekontuetan, aurtengoekin alderatuta. 2009ko aurrekontuekin alderatuz gero, murrizketa %9koa izango da (2,5 milioi euro). Egungo egoera ekonomiko zailaren ondorioz, diru sarrerek behera egitea aurreikusten du Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak, eta hori dela eta programazio artistikorako eta bestelako funtzionamendurako diru kopurua gutxitzea erabaki du. Horrek ekarriko du erakusketa bat gutxiago antolatzea.

Patronatuak hurrengo urterako aurrekontua onartu zuen atzo, 2010eko bigarren bileran. Halaber, hurrengo urterako egitarau artistikoari oniritzia eman zion. Aldiz, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak aurreratu zuen bezala, Urdaibain beste Guggenheim bat eraikitzeko ideia lehiaketa bat zabaltzeko proposamena ez zen eztabaidatu.

Daskalopoulos bilduma

Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918-1936 izango da 2011ko lehen erakusketa. Bi mundu gerren arteko garaian gailendutako arte adierazpideak erakutsiko ditu otsailetik aurrera, Leger, Picasso, De Chirico, Sironi eta Dixen obren bidez.

Apirilean, Bitarte argitsua erakusketa zabalduko du museoak. D. Daskalopoulos greziarraren arte garaikideko bildumaren obrak lehen aldiz erakutsiko dituzte jendaurrean. Eskulturak eta instalazioak nabarmentzen dira, tartean Bourgeois, Kippenberger, Barney eta Lowmanenak.

2011ko udarako AEBetako eta Europako abstrakzioa 1950eko eta 1960ko hamarkadetan antolatuko du, Pollock, De Kooning, Tapies, Klein eta Tinguelyren artelanekin, besteak beste, eta urte bukaeran Brancusi eta Serrari eskainitako erakusketa zabalduko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.