begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Guk beti egin ohi dugu amets Nicolasekin

2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Bada gure areto estrainioenetan eta ausartenetan Dream Scenario izenburuko film estrainio eta ausarta, jendaia markaz fuerako eta balentak beste inork dastatuko ez duena. Bertan, hain markaz kanpokoa, horren bihoztoi ez den jende askoren ametsetan pertsonaia bat hasten da agertzen. Amets horietan gertatzen denak ez du inporta; berdin du ametsa gozoa, arrunta, berezia, ankerra edo garratza den. Zauden egoeran zaudela —amesgaiztoetan ala aparretan; esnetan edo ohiko afanetan—, gizon hori izango duzu ondoan, aurrean, atzean, inguruetan. Ez du parte hartuko kontakizunean. Bost axola hil hurren edo jaiotzear zauden. Bera hortik pasatuko da. Edo hortxe izango da. Ezer egin gabe. Egonean egon. Paseoan. Ezertaz enteratzen ez den pertsonaia da. Ez konplize, ez lagun, ez etsai, ez zaindari, ez salbatzaile. Ez, hor dago, zure ametsetan. Eta kitto. Eta ez bakarrik zureetan, baizik eta jende ugarirenetan. Lotan zaudela, partekaturiko gizaki horrek ustekabean harrapatuko du jendea. Are, egiaztatzen dutenean gizon hori karisma, xarma eta glamour gutxiko zure irakaslea dela.

Etnografoa, antropologoa, biologoa edo antzeko zerbait da, eta bere unibertsitate eskoletan gustukoa du zebraren marrez mintzatzea. Beti gauza bera galdetzen die ikasleei: Ez al zaizue alferrikako samar iruditzen zebrak bere burua babesteko, salbu gordetzeko, darabilen kamuflaje mota? Afrikako lautadetan ez al zara lehoiaren oso begi bistan geratuko larru zuri-beltz horrekin? Zertan zebilen Natura edo espezieen eboluzioa kamuflaje hori asmatzerakoan?

Irakasleak aspalditik dauka erantzuna... Bakardadean zaurgarria zara, jakina. Baina zure kamuflajeak predatzaile guztien kontra babestuko zaitu taldean zauden bitartean. Izan ere, jan nahi zaituen horrek ezingo zaitu bereizi bestearengandik, besteengandik. Marra zuri-beltzeko itsaso zabal itxuragabeko bat baino ez baitu ikusiko bere aurrean. Alta, ibili adi, ez altxatu burua, ez banandu taldetik, edo harrapatuko zaitu. Ziztu batean, kontent asko.

Ba zebrekin kasik obsesionaturik den hiri txikiko unibertsitate txikiko irakasle fama txikiko hori hasi da jende saldo baten ametsetan agertzen. Derrepentean, esnaturik direla, denek esaten dute, harro, bere ikasle, auzo, familia direla. Sare sozialen bitartez planeta osoko heroi antzeko bat bilakatzen da.

Ez zaio gaizki iruditzen. Alderantziz, gustuko du. Istant batez, patuaren azken-aurreko burutazio maltzurra bada ere, beti iskin egin dion aitortza jasotzen ari da.

Alta, gauza jakina da zoriona ez dela luze irauten duen egoera. Boteprontoan, besteen ametsetan izan arren parte hartzen ez zuen horrek ekintzari ekingo dio, eta Bilboko Fant jaialdiak aurten omenduko duen Freddy Krueger bera balitz bezala arituko da. Ez dakizuela Freddy nor den? Arranopola! Elm Streeteko hiltzailea, gure ametsetan sartu ostean hil egiten gintuen, gaituen kreatura, jertse marradunekoa, aurpegia errea duena, eta eskuetan metalezko atzaparrak dituena...

Zebra kontuetan jantzia den irakasle herabe eta kasik hutsaren hurrengoa dena (nahiz eta familia majo bat izan) sexu joko ez-baimenduetan hasiko da jendearen ametsetan. Baita mailuz biktimak hiltzen ere...

Konfiantza izpirik merezi-ematen ez duen gure gizarte horren erantzuna benetako pertsonaiaren, kalean zein ikasgeletan den horren kontra abiatzea izango da. Ederki dakizue zertaz ari naizen, kantzelazioaren kulturaz, hain zuzen ere. Inor baliogabetzearen kulturaz... baita jazarpenaz ere.

Zeluloidezko planetaren bosgarren izkinan, fotogrametako ilunabarrik ilunenean aterpe aurkitu izan dugunok aspaldian adoptatu genuen zeru goienetatik eroritako eta infernu behekoenetatik igotako izaki giza itxurakoa da Nick

Ausarta da filma. Arraroa. Ez izan erreparorik onartzeko: Philip Kaufman, Darren Aronofsky, Michel Gondry, Spike Jonze eta antzeko zinema izaki kasik xelebre horiek, azaltzeko, definitzeko zailak direnak datozkizu burura, begietara, bihotzera pelikula ikusten ari zarela.

Halarik ere, nahiz eta Dream Scenario zuzendu duen Kristoffer Borgli aipaturiko horien aldarte, manera, modu eta balentria berekoa izan (ez ahaztu, otoi, Sick of Myself sinatu zuela!), bada pelikulan bera baino askozaz mugaezinagoa den norbait. Burua galtzen eta aldrebesten ohituta zaudetenok baietz asmatu: aktore eta ekoizle lanetan diharduen hori... Nicolas Cage!

Zeluloidezko planetaren bosgarren izkinan, fotogrametako ilunabarrik ilunenean aterpe aurkitu izan dugunok aspaldian adoptatu genuen zeru goienetatik eroritako eta infernu behekoenetatik igotako izaki giza itxurakoa da Nick. Francis Ford Coppolaren eta Talia Shireren iloba, Gian-Carlo, Roman, Sofia eta Jason Schwartzmanen lehengusu nagusia, Apocalypse Now-ren soinu banda sortu zuen Carmine Coppolaren biloba.

Arazoetan sartzeko beti prest, gutxik ulertzen dituzten zeluloidezko mirariak sortzeko abila (mundu honetako mugetatik at aise ibiltzen diren bere parekoen laguntza beti estimagarriarekin, jakina), jende zintzoak ikusten duen zinemaren azpian, oso azpian egiten diren hamaika atrebentzia finantzatzeko bere eta familiaren sosak xahutzen eskuzabal, Nicolas Cage (Leaving Las Vegas, Mandy, Renfield, Pig, Ghost Rider, The Unbereable Weight of Massive Talent, Face /Off...)!

Aspaldi zaharretik egin genion ongietorria gutako zenbaitek. Egun eta beti, gonbidatu fina da gure amets traketsetan, gure amesgaizto gozoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.