«Guk Manhattan hartuko dugu lehenengo»

Mari Jose Olaziregi izendatu dute Euskararen Sustapen eta Zabalkunderako zuzendari

Jon Eskisabel.
Donostia
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Asteartean hasiko da Mari Jose Olaziregi literatur kritikari eta EHUko irakaslea Etxepare Institutuan lanean. Euskararen Sustapen eta Zabalkunderako zuzendari izendatu dute, eta atzoko ekitaldian bere burua aurkeztea egokitu zitzaion. Kargua ilusioz beterik hartu duela adierazi ondoren, bere sailaren helburua unibertsitateetako irakurle postuak «zenbait herrialde estrategikotan garatzea» izango dela aurreratu zuen, «Frantzian eta AEBetan bereziki, baina Ingalaterran ere bai. Dagoeneko hasi gara harremanetan batzuekin». Gaur egun 25 irakurlez osaturiko sarea dagoela gogora ekarri zuen: «Ez gara hutsetik hasiko, hau kate bat da, komunitate bat, mundu osora zabaldutako sare bat».

Leonard Cohenen First We Take Manhattan kantuaren leloa aipatu zuen Olaziregik (Donostia, 1963), Etxepare Institutuaren anbizioa irudikatzeko. «Lehenengo Berlin eta ondoren Manhattan hartuko duela, edo alderantziz, dio kantuak. Guk alderantzizko bidea egingo dugu, Manhattan dugu helburu, eta AEBetan hainbat katedra ireki nahi ditugu», adierazi zuen Olaziregik jendaurreko lehen agerraldian.

Mari Jose Olaziregi aski ezaguna da euskal literaturaren arloan. Irakurzaletasunaren sustapenari buruzko egitasmoetan hartu du parte, eta Bernardo Atxagaren eta Ramon Saizarbitoriaren obrari buruzko liburu bana kaleratu du. 1999tik Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeko kidea da, eta 2003tik euskaltzain urgazle. Halaber, Renoko (AEB) Center for Basques Studieseko Basque Literature in Translation Series saileko zuzendaria da 2003. urteaz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.