Karen Connelly. Idazlea

«Gure barneko lehen musika da poesia»

Kanadako poetak 'Askoren Izenean: Pido la Paz y la Palabra' jaialdian parte hartuko du, bihar, Donostiako San Telmo museoan.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Bi urtez bizi izan zen Euskal Herrian, duela 23 urte. «Ingeles irakasle modura aritu nintzen; askoz gazteagoa nintzen, baita pobreagoa ere», aitortu du. Orduko Euskal Herriak oraingoarekin zerikusirik ez duela dio. «Giro txarra zen ordukoa. Gerra bat genuen, baina ez zen agerikoa, ia isilpekoa baizik. Orain topatu dudan Euskal Herria beste bat da. Hitzaren bidez iritsi da egoera honetara». Karen Connellyk (Calgary, Kanada, 1969) erabateko fedea dauka hitzetan «eta, horrenbestez», poesian. 1990ean plazaratu zuen lehen liburua, The Small Words in My Body poesia bilduma (Nire gorputzeko hitz txikiak). Beste hiru poetarekin, emanaldi bat egingo du bihar, San Telmo museoan, 20:00etan.

Idazle kanadartzat duzu zeure burua ala anglosaxoitzat?

Ez hain kanadar, ezta hain anglosaxoi ere. Nire lanetako asko beste leku batzuei buruzkoak dira, beste herrialde batzuei buruzkoak. Beste kultura eta hizkuntza batzuetako erritmoa ere nabari liteke nire lanetan. Munduko leku askotan bizi izan naiz, eta nire hezkuntzan beste hizkuntza batzuen eragin nabarmena jaso dut.

Zein hizkuntzaren eragina jaso duzu?

Espainiera ikasi nuen aspaldi, baina, orain, berriz, gehiago dut grezierarena. Horiez gain, frantsesa, thailandiera eta vietnamera ere menderatzen ditut, eta orain kurduera ikasten ari naiz.

Poesiak kultura desberdinen arteko zubiak egiteko adina balio al du norberaren identitate zeinuak sendotzeko?

Kultura eta hizkuntza desberdinen arteko zubi egiteko soilik ez, kultura eta hizkuntza horiek neure gorputzean sentitzeko eta neure bizitzan txertatzeko ere bai, eta baita ikusteko eta ulertzeko ere badaudela antzekotasunak kulturen arteko desberdintasun ageriko horien oinarrian, eta oinarrian ezaugarri komunak ere badauzkagula guztiok, nork bere zeinu identitarioak izanagatik, jakina. Konturatzen naiz kulturen artean desberdintasun handiak daudela. Oraintxe, mundu islamiarretik nator, Kurdistanen egon bainaiz azken hiru asteotan, eta, aldea handia den arren, gorputzera eta intimotasunera itzultzen garenean, oso antzekoak gara.

Zer da poesia zuretzat?

Gure barneko lehen musika da poesia. Musikaria ez naizenez, poesia da nire musika.

Krisi globaleko garaiotan, bai ekonomiari, bai balioei dagokienez, poesiak zein funtzio bete dezake?

Jendeak sufritzen duenean, oso garrantzitsua da kantatu ahal izatea. Barnekoa ateratzeko modu bat izatez gain, kanpokoa ospatzeko modu bat ere bada poesia.

Baina nola helarazi gizarteari poesia garrantzitsua dela, ekonomikoki gaizki dagoenean eta gauza prosaikoetarako dagoenean gehiago, lirikarako baino?

Nik uste dut Askoren Izenean: Pido la Paz y la Palabra eta halako jaialdiak eta konferentziak egokiak direla horretarako. Banakoaren egunerokoan eta bizitzan une labur bat den arren, poesia ezinbesteko egiten da guztiok presaka eta alde batetik bestera gelditu gabe bizi garenean; arnasten laguntzen digu, arnasa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.