Guillem Gisbert. Manel taldeko kantaria

«Gure hitzetan gai politikoak ez azaltzeak ez du esan nahi apolitikoak garenik»

Kostunbrismo postal samurrak. Eta gordinak. Pop eta folk melodia finez kantatuak, katalanez. Ezaugarri horiekin lortu du sona Manel Kataluniako taldeak. Bilbon (gaur) eta Gasteizen (bihar) ariko da.

gorka erostarbe leunda
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Fenomeno ere bihurtu da, aurten kaleraturiko 10 milles per veure una bona armadura bigarren diskoko milaka ale saldu ondoren. Els millors professors europeus (2008) lehenengoarekin ezagutarazi zuten melodia itsaskor, hitz original eta ahots jokoetan oinarrituriko proposamen erakargarria. Asteburuon ariko dira aurrenekoz Euskal Herrian. Gazteagotan Kortatu eta Negu Gorriak oso gustuko zituztela oroitarazi du Guillem Gisbert kantariak.

Gehiago hitz egiten ari da Espainian gehien saldutako diskoa izan dela zuen berria diskoari berari buruz baino.

Ez dakit zertaz ari diren hitz egiten gehiago, baina gu geu harritu egin gintuen albiste horrek. Horrelako zerrendarik zegoenik ere ez genekien. Hala ere, hainbeste saldu bada, pentsatzekoa da kantuek ere zerikusirik izango zutela. Eta oso jakitun gara batez ere Katalunian saldu zela, eta oso disko gutxi saltzen den garai batean. Beraz, Espainian gehien saldutako diskoa izate hori erlatiboa da.

Hala ere, hain arraroa al da katalanez kantatzen duen talde bat jende askorengana iristea?

Ez dakit, niretzat ederra da, katalanez kantatzen duen taldea izanik, katalanez hitz egiten ez den lurraldeetan ere entzun gaitzaten. Katalana ulertzen ez den lurraldeetan gure musika entzutea zoragarria iruditzen zaigu. Nik ez dakit katalana erabat ulergaitza egiten zaion gaztelaniaz dakienari, edo apur bat ulertzen duen, edo... ez dakit, ihes egiten zaizkidan kontuak dira.

Katalanez kantaturiko pop berriaren ikurtzat hartu zaituztete askok. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

Guk laurok egin nahi duguna lortzeko ahal duguna egiten dugu, eta horrekin badugu nahiko lan. Ez dugu inolako interesik ezeren ikur izateko. Eta katalanez kantaturiko poparen fenomenoaz ez dakit ezer, egia esan. Ez dakit gaur egun katalanezko popak igoera izan duen edo ez. Batzuetan soziologoentzako galderak egiten dizkigute, eta ez dakit eszena hori badagoen edo ez.

Soziologoentzako galderekin amaitzeko, katalanezko talde gehiago agertzen ari badira, izan liteke konplexuak galtzen ari direlako?

Gertatzen dena da nik ez dakidala konplexu horiek zenbaterainokoak ziren duela bost urte edo duela hamar urte. Esan liteke gaur egun konplexu gutxiago dagoela eta horregatik ateratzen direla katalanezko taldeak natural-natural, baina orduan akaso aterako dira zenbait esanez duela hamar urte beraiek ere katalanez eta batere konplexurik gabe kantatzen zutela. Katalana hemen aspalditxotik oso normalizatua dago. Jendeak katalanez pentsatzen du, katalanez adierazten du, eta katalanez kantatzen du, eta ez derrigorrean karga politikoarekin.

Aurreko diskoak izandako arrakastak nola baldintzatu du 10 milles per veure una bona armadura disko berriaren konposaketa?

Uste dut baldintzatu baldin badu izan dela lehenengoa izan zelako hura. Lehenengoa izatean ez dakizu zer aterako den, nola funtzionatuko duen, jendearengana helduko den... Hori da bigarrenarekin izan dugun aldea. Esperientzia txiki bat badugu orain, eta saiatu gara gauza berri gutxi batzuk bilatzen. Baina nor garen ahaztu gabe, ezin gara gehiegi urrundu gu garenetik. Ezinezkoa delako, eta, gainera, izugarri txarra ere bai.

Bigarren diskoak konplexuagoa dirudi. Orkestrazio eta programazio gehiago duena. Bidea zaildu nahi zenuten?

Ez, ez da hori. Diskoa grabatzen ari ginela ez nuen uste hainbeste nabarmenduko zenik orkestrazioaren kontua. Aurreko diskoan ere haize instrumentuak agertzen ziren batzuetan, eta harizko musika tresnak ere bai. Bigarren honetan ere erabili ditugu. Gertatzen dena da disko berriko Aniversari kantuan orkestrazio moldaketak daudela, eta pentsatzen dut horrek asko markatu duela diskoaren pertzepzio orokorra. Ez dugu bidea zailtzeko asmorik izan. Saiatu gara kantu bakoitzari ondo zetozkion elementuak sartzen, eta ez dugu mugarik jarri tinbre eta tonuei dagokienez, genero bat edo bestea zela pentsatuz. Aurreneko diskoarekin alderatuz dagoen aldaketa nabaria da ukelelea ia ez dugula erabili, horixe.

Kataluniako musika tradizioak eta zuen belaunaldikoei uste ohi zaien ondare anglosaxoiak modu berean eragin al dizuete, ala ez?

Baietz uste dut. Lauron artean desberdintasun handiak daude musika gustuetan. Batzen gaituena baino gehiago da banatzen gaituena. Zaila egingo zaigu lauroi esatea The Beatles ez zaigula gustatzen, baina hortik aurrera... aldeak badaude. Musika anglosaxoia asko entzuten dugu, eta eragiten digu jakina kantuak egiterako orduan, eta zer esanik ez folk katalanak. Baina folka 70eko hamarkadan egiten zutenek ere bazituzten eragin anglosaxoiak, beraz, azkenean ez da ondo jakiten non hasten den eragina benetan.

Zenbaitentzat zuen proposamena kontserbadorea da, batez ere hitzen kostunbrismoarengatik. Talde kontserbadorea al zarete?

Ez, ez dut uste. Pop kantuetan, popa zentzurik zabalenean harturik, gai asko landu daitezke. Inon ez dago idatzirik derrigorrean gai politikoak jorratu behar direnik. Gure hitzetan gai politikoak ez azaltzeak ez du esan nahi apolitikoak garenik, edota kontserbadoreak garenik. Musika taldea izatea gure bizitzaren zati bat da. Eta musika egitean ez dugu kantu politikorik egiten, edo ez dakigulako edo ez dugulako nahi, baina ez da besterik. Pop kantu onak egin litezke politikari buruz, baina baita beste gai batzuei buruz ere.

Egunerokotasunaren kontu kostunbrista horietan ere ez al dago bada politika ezinbestean?

Tira, bai, jakina. Egiten den guztian dago politikarik. Egiten den guztiak du parte moral bat, baina horretan sartzea gehiegi litzateke. Ez dugu horretan pentsatzen. Guri interesatzen zaizkigun kontuak kantatu nahi ditugu, eta jendeari interesa dakizkiola, horixe baino ez dugu bilatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.