Eta zu non zaude?/ Izakera baieztatzeko atzera zoaz edo/ aurreruntz goaz/.Aski da txo!/ Nahikoa da txo!/ Gure ordua heldu da txo!». Horrela dio Negu Gorriak-en kantu enblematikoaren puska batek. Gure jarrera bigarren diskoa aurkeztu zuen Fermin eta Iñigo Muguruza anaiek, Kaki Arkarazok, Mikel Kazalisek eta Mikel Abregok osaturiko taldeak 1991ko ekainaren 24an. Ordua heldua zen, baina zertarako? Diskoaren izenburuak argi azaltzen duen moduan, beraien jarrera zein zen adierazteko, nola bizi-ereduetan hala arlo musikalean.
90eko hamarkadaren hasiera zen, eta Euskal Herriko musika panoraman impasse moduko bat zegoen. Rock Radikal Vasco (RRV) deitu izan zenak bere onenak emanak zituen, eta nazioarteko musikagintzan rock independentea loraldian zegoen (Sonic Youth, Pixies, Fugazi, Nirvana...).
Euskal Herrian 80ko hamarkadan gertaturikoa eta haren osteko musika errealitatea ongi ezagutzen zuten Negu Gorriak taldeko kideek. Kortatu taldean ibiliak ziren Muguruza anaiak, BAP!!-en Abrego, Anestesian Kazalis, eta M-ak taldean Arkarazo. Gainera, begiak eta belarriak atzerrian jartzeko inolako erreparorik ez zuten. Zigilu independente baten beharrazjabeturik, bat sortzeko deliberoa hartu zuten, nazioarteko bi diskoetxe izanik eredu: Dischord (Minor Threat-Ian Mackaye) eta Alternative Tentacles (Dead Kennedys-Jello Biafra). Egoitza nagusia Irunen zuen diskoetxeak, eta euskara zerabilten taldeak bultzatzea izan zen hasieratik haren helburu irmoetako bat. Gerora, nazioarteko taldeak ere bildu zituen, Gora Herriak azpizigiluaren bitartez.
Artistikoki euskal rocka aberasten zuten proposamen berriei babesa eskaintzeaz gain (Su Ta Gar, Lin Ton Taun, Ama Say, Dut, Anari, Deabruak Teilatuetan, Pi L.T., Selektah Kolektiboa...), Euskal Herriko diskogintzari aire berriak ekarri zizkion Esan Ozenkik, bai estetikari zegokionez, bai artistekiko harremanari zegokionez ere. Diskoen gehiegizko salneurriaren aurka borrokatu zuten, oro har. Esaterako, 1995ean, diskoetxearen bosgarren urtemugaren kanpaina baliatuz, kopuru jakin batetik gora saltzea debekatzen zuen oharra itsasten zuten disko guztietan. Garai hartan 2.500-2.700 pezeta inguru balio zuen CD ale bakoitzak, eta kanpainak honela zioen: «Ez ordaindu 2.200 pezeta baino gehiago».
Diskoetxearen beste puntu berritzaile bat hauxe izan zen: diskoen salmentengatik lortutako etekinak gainerako taldeekin banatzen ziren, eta diskoetxeari zegokion zatia azpiegitura mantentzeko eta talde berriak bultzatzeko erabiltzen zen.
«Gure ordua heldu da, txo!»
Hamar urteko ibilia egin zuen Esan Ozenkik 1991tik 2001era bitartean; Euskal Herriko musikagintzaren errealitatera aire berriak ekarri zituen, bai estetikoki eta baita artistekiko harremanei zegokienez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu