«Guri laguntza murrizteaz bat, erdal kultura sustatzen ari da Jaurlaritza»

Ander Iturriotz EIEko lehendakariak dio krisiak ezin dituela Jaurlaritzak elkarteari emandako laguntzen murrizketak zuritu

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Kezka eta ezinegon handia piztu dute Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen murrizketek EIE Euskal Idazleen Elkartearen baitan. 2010-2011 ikasturterako, 190.000 eurotik 85.000 eurora murriztu du Hezkuntza Sailak EIEri bere programak aurrera eramateko bideratutako laguntza, eta horren ondorioz aurreko urteetan baino askoz ere saio gutxiago egingo dituzte idazleek Idazleak ikastetxeetan programaren barruan. Kultura Sailaren laguntzetan ere murrizketak izan daitezkeela uste dute, eta Etxepare Institutuak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ez diete oraingoz erantzun egindako eskariei.Krisi ekonomikoak ez ditu murrizketa horiek zuritzen, Ander Iturriotz EIEko lehendakariaren ustez.

«Eskari handia dauka Idazleak ikastetxeetan programak eta, salbuespenak salbuespen, oso harrera ona du», Iturriotzek dioenez. Programa horretan parte hartzen duten idazleak LH, DBH eta Batxilergoko ikastetxeetara joaten dira, haien liburu bat irakurri duten ikasleekin solasaldia izatera. «Hezkuntzaren diru laguntza erdira jaitsita, saioen kopurua erdira jaitsiko da. Ikastetxeen aldetik eskaera asko jasotzen dira, eta ez dakit zer gertatuko den ikastetxeek murrizketen berri izatean».

Programan parte hartzen duten idazleetako batzuk joan den hilean bildu ziren, eta prest agertu ziren saio bakoitzagatik diru gutxiago kobratzeko, saioen kopurua ahalik eta gutxien murrizteko. «Baina ikusi zen hori arriskutsua izan zitekeela, horrela geuk kitatuko genuelako Jaurlaritzaren errua», gogoratu du Iturriotzek. Horregatik, lehen bezala kobratuko dute idazleek egindako saio bakoitzagatik, baina saio gutxiago egingo dituzte.

'Literatur bideak' ezin sustatu

Idazleak ikastetxeetan programaren barruan, Literatur bideak egitasmoa sustatu du EIEk 2004-2005 ikasturteaz geroztik, baina murrizketen ondorioz 2010-2011 ikasturtean ez du egitasmo hori sustatzen jarraitzerik izango.

«Kultura Sailarekin ez dugu bilerarik egin oraindik, baina bai Etxepare Institutuarekin eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin», azaldu du Iturriotzek. «Laguntza eskatzen dugunean, programak eramaten ditugu, gero diruarekin programa horiek gauzatzeko. Batean zein bestean hainbat programa aurkeztu ditugu, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso».

«Murrizketa hauek krisiak ekarri dituela esan ohi da beti, eta neurri batean horrela da», onartzen du Iturriotzek. «Baina krisiak justifika dezakeena baino gehiago murriztu dizkigute guri diru laguntzak. Gainera, badakigu beste leku batzuetan, krisia egon arren, nahiko erraz eta nahiko arin mugitu dela dirua. Frogatzeko datu gehiago behar genituzke, baina uste dut euskal kulturak gobernu honen partetik jasaten duen gutxiespenaren ondorio ere badirela, neurri handi batean, murrizketa horiek. Guri laguntzak murriztearekin batera, erdal kultura bultzatzen ari da Jaurlaritza, eta erdal kultura esaten dudanean lehen ez zegoen erdal kultura esan nahi dut».

Euskadiko Idazleen Elkartearen sorrera ere testuinguru horretan kokatzen du Iturriotzek. «Erdal idazleen elkarte bat sortu da. Salbuespenak diren arren, erdal idazleak baitira elkarte horretan bildutako guztiak. Eta bitxia da jarri dioten izena, gu bezala horiek ere EIE baitira orain. Izenaren kontua aparte utzita, uste dut egon ez zegoen gaztelaniazko literaturako sare bat antolatu nahi duela Jaurlaritzak,eta oraingoz horretan ari direla saiatzen. Horrek epe ertainera ez du etorkizunik, azpitik sortzen ez diren mugimenduak bidean itotzen direlako, baina horretara jotzen ari dira».

Euskadiko Idazleen Elkarteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako idazleak batzen ditu, zeinahi hizkuntzatan aritzen direnak. Euskal Idazleen Elkarteak, berriz, euskaraz aritzen diren non-nahiko idazleak. Euskadiko Idazleen Elkartearen sorreraren berririk ez zuten izan EIEko zuzendaritzakoek elkarte berriak bere burua prentsan aurkeztu zuen arte, abuztuan. «Geroago, bilera batera deitu ziguten, baina oraindik ez dugu izan elkartzerik. Aurrerago egingo dugu bilera hori».

Jaurlaritzako Kultura Sailak aurkeztu berri duen Kulturen Aldeko Hiritar Kontratuak ere «jomuga nagusia euskararen mundua eta euskal kulturaren industria direla erakusten du», Iturriotzen ustez. «Nazio baten nortasun kulturala, hizkuntza, gehiago gutxietsi nahi da, eta horretarako Jaurlaritzak esaten du kultura ez diola lotzen hizkuntza bati edo nazio bati, norbanakoari baizik. Azken batean, gizabanakoa baldin bada kulturaren subjektu, bere ezaugarri guztiekin, de facto egiten dena da erdal kultura, gehiengo baten kultura izanik, indartu; eta euskal kultura, gutxiengo baten kultura izanik, are gehiago gutxitu». Hori guztia, gainera, «tabula rasa eginez eta irakurketa historikoak-eta alboratuz» egiten da, «minorizazio soziolinguistiko eta soziologiko batek dauzkan oinarri guztiak ukaturik».

Egungo Jaurlaritza egiten ari dena «lehenagotik dator» hala ere. «Aurreko hirukoak eman zuen lehen urratsa, Euskal Kulturaren Plana Kulturaren Euskal Plana bilakatu zuenean. Han zeuden erdarazko kultura bultzatzeko oinarriak, eta oraingo Jaurlaritzakoek egin dutena da horiek garatu eta beren ikuspegi ideologikotik jantzi».



«Badirudi sentsibilitate zentralista berri bat ari dela indartzen»

Galizieraz eta katalanez idazten duten idazleek euskal idazleen antzeko kezkak dituztela berretsi zuten joan den asteburuan, Coruñan, Galeuscaren aurtengo ekitaldian parte hartu zuten EIEko kideek. «Aro digitalaren onurez eta kalteez hitz egitera joan ginen, baina beste gauza batzuen inguruko kezka nagusitu zen», azaldu du Iturriotzek. «Badirudi sentsibilitate zentralista berri bat ari dela indartzen. Hori intuitzen da behintzat bai Galizian, bai Katalunian eta bai hemen». Horregatik, adierazpen instituzional «nahiko gogorra» onartu zuten, aho batez, Galeuscaan izandako idazle guztiek, «gure hizkuntza nazionalak iraintzen eta ukatzen dituen egungo estatu politika salatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.