Musika eta emakumeak

Gutxika, baina pluralean

Gutxi izan dira, eta gutxi dira oraindik ere. Emakume musikariak, emakume kantariak Euskal Herriko plaza eta oholtzetan. Pixkana errealitatea aldatzen ari da, baina oso pixkanaka oraindik.

Zea Mays taldeko Aiora Renteria, indar biziz kantari. SAIOA GAUILUNAK.
gorka erostarbe leunda
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Rocka (ere) emakumezkoena zela esan zuen Kurt Cobainek, 27 urte zituela hil eta azken bi hamarkadetako musika mitoetako bat bilakatu aurretik. Dudarik ez dago, bereziki 90eko hamarkadatik aurrera (nahiz eta lehenago ere makina bat baziren bai munduan barrena eta bai Euskal Herrian ere), dezente ugaldu da emakumezkoen presentzia musika agertokietan. Baina oraindik ere gutxiengo handi dira. Jada ikusten dira, kantari direnak ez ezik, gitarra jotzaileak, baxu jotzaileak, bateria jotzaileak, eta beste hamaika musika tresna jotzen dituztenak... baina oraindik ere urri dira. Badok.info euskal kantagintzaren biltegi digitalari erreparatzea besterik ez dago emakumezko kantari edo musikarien proportzio txikiaz jabetzeko. 175 talde edo bakarlariren biografiak bildurik daude, eta horietatik 14 baino ez dira egiletzat emakumeak (bakarlari, bikote ala talde) dituztenak: Alaitz eta Maider, Amaia Zubiria, Anari, Erlak, Estitxu, Jauko Barik, Labrit, Lourdes Iriondo, Maddi Oihenart, Maite Idirin, Maixa ta Ixiar, Miren Aranburu, Olatz Zugazti eta Sorkun. Gehiago dira talde bateko kideak izan direnak eta direnak, eta webgunean ez dira ageri gaur egungo beste zenbait bakarlari eta musikari emakumezko ere, baina gizonezko eta emakumezkoen arteko proportzioez konturatzeko datu adierazgarria da.

Urri dira, baina garai batean baino gehiago, hala ere. Emarock proiektuak ematen du egun den errealitatearekiko hurbilketa bat. Erakusketa ibiltari bat da funtsean —Tolosan (Gipuzkoa) eta Gernikan izan da, eta Ordiziako Barrena kultur etxean (Gipuzkoa) dago ikusgai orain, urriaren 19 bitartean—. Euskal Herriko musikari eta kantari emakumeei eskainitako argazki bilduma batek eta hainbat protagonistari egindako elkarrizketez osaturiko dokumentalak osatzen dute proiektua funtsean. Saioa Cabañas argazkilariari otu zitzaion ideia. «Kontzertuetan argazkiak ateratzen ditut. Duela pare bat urte konturatu nintzen egin nezakeela erakusketa bat emakumeen irudiekin bakarrik, baina konturatu nintzen, era berean, ia denak kantariak zirela. Orduan neure buruari galdezka hasi nintzen. Zein zen arrazoia, nik ez nituen atera argazki horiek edo, oro har, horrela da? Gabezia horretatik abiatuta hasi zen proiektua garatzen». Tiraka-tiraka Emarock elkartea sortu zen, beste makina bat pertsonaren laguntzarekin, eta helburu jakin eta argi batekin: «Emakumezko musikariei protagonismoa ematea eta espazioak ematea. Jendeari ezagutaraztea, agerian jartzea emakume horiek eta euren lana». Batean eta bestean arakatzen hasi, eta ikerketa lan bat egin behar izan du Cabañasek emakumeen eta musikaren arteko harremana Euskal Herrian nolakoa den ikusteko. Ondorio garbi bat atera du orain artean egindako ikerketa lanetik. «Geroz eta gehiago daude, eta asko ezezagunak dira, talde lokaletan-eta dabiltzanak, baina oraindik gutxi dira. Aldea izugarria da gizonezko musikari, bakarlari eta taldeen kopuruarekin alderatuz gero. Oraindik, emakume bat bateria jotzen ikusiz gero harritu egiten gara; beraz, normaltasuna ez dago oraindik ere».

Emarock egitasmoa

Erakusketaren zati handi bat euskaraz abesten duten bakarlari edo taldeek osatzen dute. Eta bestalde, Euskal Herrikoak izanik beste hizkuntza batzuetan aritzen direnak daude: «Hor talde gehiago daude emakumez osatuak: Las Culebras, Las Valium, Turboneskak...». Zerrenda bat ere osatzen ari dira elkarteko kideak: «Guri oso zaila egiten zaigu leku guztietara iristea, eta badakigu badagoela egun talde mordo bat, talde lokalak, eta horien berri jaso nahi genuke zerrenda osatuz joateko», dio Cabañasek.

Estilo aniztasuna eta nork bere nortasuna izatea da egungo musikari eta kantari emakumezkoen ezaugarri begi bistakoenetakoa. Zerikusi gutxi dute elkarrekin Zea Mayseko Aiora Renteriak, Goseko Ines Osinagak, Mursegok, Napoka Iriako Miren Narbaizak edota Saioak, bakarren batzuk aipatzearren. 80ko hamarkadako punk eztanda iritsi artean (Las Vulpesen kasua izan zen nabarmenena), herri kantagintzan arituak (Lourdes Iriondo, Amaia Zubiria, Erlak...) eta trikiti bikoteetan arituak (Maurizia, Primi Erostarbe...) ziren musikan arituriko emakumezko ia bakarrak.

Emakumez soilik osaturiko euskarazko rock talde bakarrenetakoa Jauko Barik izan daEuskal Herrian, 90eko hamarkada amaieran sortu zen hiruko formatuan. Talde hartako kantari eta gitarra jotzaile Itsaso Gutierrezek orriotan bertan dio kontzientzian dagoela gakoa, kontzientzian hasten dela dena. Eta kontzientzia hartzen hasteak berak, edo patuak, eragin du urte berean kointziditzea Emarock proiektua azaleratzea, Fermin Muguruzak Zuloak proiektua bideratzea —emakumez osaturiko rock taldeari buruzko filma egunotan dago zinemetan, eta hortik sorturiko taldea kontzertuak ematen ari da han-hemenka— eta, nazioarteari erreparatuz, Pussy Riot talde errusiar feministaren auzia agertzea ere. Itsaso Gutierrezek eskatzen duen kontzientzia hori apurka gizartean barneratzen ari den seinale ote?

Kurt Cobainek botatako iragarpen gogoeta ez da bete oraindik. Oraindik gutxiengo handi dira emakumeak musikaren munduan. Gizartean errepikatzen diren aurreiritzi, inerztia, beldur eta tabu berberak errepikatzen dira musikan ere, baina musika estilo desberdinetan ari dira emakumeak, musika tresna desberdinak jotzen dituzte, eta normaltasun baterako kontzientzia ernetzen ari dela dirudi. Behar baino astiroago doa prozesua, ziurrenik, gutxika, baina jada pluralean hitz egin liteke emakumeen eta musikaren arteko harremanaz. Pluralean, kopuruan eta aniztasunean..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.