Literatura. 'ITSASOARI BEGIRA'

Guztientzat egokia, baina...

Bixente Serrani Izko
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Egilea: Josu Munitiz.

Argitaletxea: Ediciones Beta.

Genero historikoko nobela dugu hau, herri bateko bizipen kolektiboetan zentraturik. Ez da Josu Munitizen lehena, hirugarrena baizik, nik dakidanez. Aurreko biak ere berdintsuak: historikoak eta kezka literario handirik gabe irakurtzeko modukoak. Trebea ere bai, idazlea, istorioak harilkatzerakoan, bai behintzat nik irakurri dizkiodan bietan, Ezpataren erresuma eta gaurko Itsasoari begira tituludunetan.

Gaurko hau Bermeon garatu du, XX. mendeko bigarren hamarraldian, espainiar Errestaurazio garaietan, alderdi-bitasuna kosta ahala kosta inposaturik, baina Bizkaian nazionalismoa hegan indartsu hasia zegoela. Udal hauteskundeak ditugu abiapuntu, non bi aukera duten bermeotarrek: liberalak edo nazionalistak. Lehenengoak, caciquistak, negozio-jendea, aberatsak, herriari garapena ekarri nahi ei diotenak —beraiek kapitain—; bigarrenak, arrantzaleak —patroi zein langileak—, herri xumea, euren lan-tradizioei eutsiak, nekez bizirauten dutenak itsasoaren arriskuei aurre egiten eta ez gutxitan olatuen biktima izaten. Zintzoak bigarren horiek guztiak; maltzurrak, aldiz, bertzeak, sistema politikoak ematen dizkien abantaila guztiez baliatzeko prest euren diruari begira, nahiz eta horien artean, eleberria garatu ahala, bigunagoak ere badauden. Bi mundu, bada, harako Bermeo hartan. Eta bi munduen arteko lotura narratibo sentimental bat, halako Romeo eta Julieta maite-bikote bat, Julietaren mundukoek iraingarritzat joko dutena. Idazleak betiere arrantzaleen zintzotasun eta lan-zaletasunera lerraraziko dizkigu begiak irakurleoi: izan ere, 1912ko abuztuan jasan behar izan zuten galernak —historikoa berau— aurretik eraman zituztenei, «haiei, bizitza salbatzea lortu zutenei ere, noski, omenalditxoa egin nahi izan diet», erraten digu egileak.

Erritmo bizia, gauzak zuzen-zuzen kontatuak, tentsio narratiboa trebeziaz landua, badaki eramaten irakurleak orrialdeetan eta gertakizunetan zehar, teknika literario errealista klasikoekin. Jendetzaren mugimenduak —manifestazioetan, eztabaidetan— ongi ere ongi deskribatzen ditu, sen narratzailea duen baten begi eta belarriekin atzemanik. Bereziki bizia eta lortua galernaren barneko borroka, eleberriaren klimaxa markatzen duena.

Adin guztietako irakurleek, nerabeek ere bai, euren buruak gustura eramaten uzteko modukoak ditugu eleberriaren planteamendua eta garapena. Ez dakit, halere, hain egokia atera zaion nerabe gazte horientzat, ikasleentzat. Barka txantxa, ez naiz ari kontu moralez, edizioaren lanketaz ari naiz: gramatikaz ari naiz, ikasleei behin eta berriz zuzendu behar zaizkien hainbat hanka-sartze sintaktiko, ortografiko, eta batik bat puntuazio-marketan, era errepikakor batean sakabanatu baitira lerroetan zehar. Adibide batzuk: '-raino' (noraino) beharrean, 'arte' (noiz arte? galderari erantzun bezala); inor norengandik edo zertatik urrundu den adierazi beharrean, zer dela kausa ('-arengatik') azaltzen digu batzuetan; 'giza'/'gisa', 'iritsi'/'iritzi'; kasu absolutuaren erabilera —batez ere pluraletan— ergatiboak egon behar duenean… Baina batik bat kakotxen deskontzertua: adibidez, galdegaia jarraian dagoen aditzetik bereizten duten kakotx ugari, behin baino gehiagotan perpausaren erranahia iluntzen dutena… Lastima, azken orrazketa falta, Erresumaren ezpata-n gertatu ez zena.

Dena dela, gramatika-akatsek ez dute beti historia irakurgarri bat hondatzen. Eta, tira, baliteke ikasleentzat ere egokia izatea eleberri bizi hau: akatsetatik (edo akatsengatik?) ere ikas baitaiteke, irakasle adi bat suertatuz gero ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.