Ezaguna da anekdota, baina baita esanguratsua ere. Parisen zegoen orduan Eduardo Txillida (Donostia, 1924-2002), marrazketa klasean. Modeloaren aurrean besteek marrazki bakarra egiterako lau egiten zituen hark. Berezkoa zuen kasik, eta horregatik hartu zuen erabakia: ezkerreko eskuaz hasi behar zuen marrazten. «Azkarregi zihoan nire eskua, eta atzean uzten zituen burua, eta sentsibilitatea, emozioa eta artea lagundu behar duten gainontzeko guztiak. Esku abil bat baino ez zen hura, eta geldiarazi egin behar nuen. Arriskutsua zen. Lepotik behera marraztea zen hura, eta nik gizon osoak parte har zezan nahi nuen». Euskal arte garaikidearen bultzatzaile nagusietariko bat bilakatu zen urteekin, baita nazioartean sonarik handiena lortu duenetariko bat ere. Zioenez, galderek pizten zuten haren sorkuntza, erantzunek baino gehiago. Ezezagunak, ezagunak baino gehiago. Eta horregatik ezkerraz marrazteko hautua. «Ez dakiena egiten eta ezagutzen ez duena ezagutzen saiatzen den gizon bat naiz». Gaur dira hamar urte hil zela, eta galderak dira oraindik nagusi haren bi proiektu handienen inguruan. Artista hil eta hamar urteren ostean, airean dira Txillida Lekuren eta Fuerteventurako Tindaya mendiko proiektua (Kanariar Uharteak, Espainia) .
Kirolaria izatekoa zen berez. Realeko atezaina izan zen, baina Valladolid taldeko Fernando Sañudo aurrelariarekin talka egin, lesionatu, eta hala heldu zen artera. Madrilera joan zen lehenik, eta Parisera gero. Abila zen hura, baina beste zerbait nahi zuen. Bereizi egiten zituen artistaren eta teknikoaren paperak. «Artistak bilatu egiten du, sumatutako bidearen zer puntutara helduko den jakin gabe, eta batzuetan porrot egiten du. Teknikoak, aldiz, hasieratik daki zer egin behar duen, eta arazorik gabe egiten du egin beharrekoa. Artistak bilatu egiten du, asmatu eta estropezu egin; teknikoak egin beharrekoa errepikatzen du. Bere burua errepikatzen du». Eta Txillidak artista izan nahi zuen, eta artista izan zen. Bilaketa etengabean. Tupustean. Haren aforismoak dira horren froga: «Baditut atzoko eskuak, biharkoak falta zaizkit».
Grabatuak, marrazkiak eta bestelakoak ere egin zituen, baina nagusiki eskulturak egin zuen ezagun. Gaur taldeko kide izan zen, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea eta beste hainbat puntako euskal sortzailerekin, eta euskal arte garaikidearen berritzaile nagusietariko bat ere izan zen. Bakarka aritu zaleagoa zen, ordea, eta bere kasa egin zuen ibilbidearen zatirik handiena. Oteizarekin muturtuta ere bai, zenbait urtez. Egun, ikonoak dira haren burdinazko eskultura bihurriak, Arantzazuko elizarako egindako ate trinkoak eta kable bidez zintzilikatutako hormigoizko pieza erraldoiak. Ikustearekin batera egilearen izenarekin identifikatzen diren lanak denak. Eta enblema bihurtu da aspaldi Donostiako Haizearen orrazia. Veneziako biurtekoko sari nagusia jaso zuen 1958an, eta Kandinski saria, eta Espainiako Arteetako Asturiasko Printzearen saria, eta... Eta nahi beste luza daiteke zerrenda.
Monumentu liberatzaileak
Izan ere, urrutiraino heltzen da Txillidaren itzala, eta munduko museo nagusietariko askok dute haren piezaren bat. Betiere, «Euskaditik abiatuta» heltzen zen mundura, haren hitzetan. «Shock» bat izan zen, adibidez, Txillida alemaniarrentzat Niklas Maak arte kritikariak azaltzen duenez; «liberazio bat». Beren iraganaren zama zuten gainean alemaniarrek, eta gerra ondoan bazterrean utzia zuten gehienek handi eta monumentala zen eskulturagintza. «Baina orduan hor non agertu zen gazte euskal herritar hura, eta ordura arte imajinatu ezinak ziren obrak sortu zituen: beldurgarriak izan beharrean liberatzaileak ziren monumentaltasun handiko obra haiek».
Aita militarra zuen, eta haren eraginari egotzi zion beti bere hasierako faxismorako joera. Unibertsitatean Espainiako bandera kentzera zihoazen bi mutil jipoitzera heldu zen Parisen, Pablo Palazuelo artista lagun zuela. Baina gerora, jarrera aldatu, eta euskal arte garaikidearen erreferente nagusietariko bat bilakatu zen. Beti izan zuen euskal sustraiak bere artera eramateko moduari buruzko kezka. Hark egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatearen, Udako Euskal Unibertsitatearen eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irudiak ere. Euskararik ez jakitea omen zuen hutsune nagusitzat Txillidak, Martin Ugalde idazlearekin 1975ean egindako elkarrizketan azaldutakoaren arabera. Mihiaz beharrean, eskuaz egiten omen zuen hark euskaraz: «Nik ez dakit euskaraz behar bezala hitz egiten, baina euskaraz mintzo da nire obra. Niretzat harrotasun bat da hori, eta, akaso, baita defentsa bat ere».
Hernaniko ametsa
Mundua ezagutu bai, baina Hernanin (Gipuzkoa) izan zuen gogoa denbora luzez Txillidak; Zabalaga baserrian, zehazki. Goitik behera zaharberritu zuen etxe hura, eta amets bat ainguratu nahi izan zuen bertan: Txillida-Leku. Horretan eman zituen bere bizitzako azken urteetariko batzuk, eperik eta aurrekonturik gabe; aske. Eta zabaltzen ere ikusi zuen eraikina 2000. urtean, ordurako Alzheimerrak jota zegoela. Finantzaketa arazoak zirela medio, iaz itxi zuten museoa, eta Txillidaren heriotzaren hamargarren urteurrena bete den honetan, hori da Donostiako artistaren inguruan erantzunik gabe dagoen galdera handietariko bat. Zer gertatuko da Txillida-Lekurekin? Erakunde publikoak eta artistaren senideak ez dira ados jarri, eta, oraingoz behintzat, itxita jarraituko du Zabalaga baserriak. Itxita, Txillidaren obra nagusietariko asko barruan dituela. Eta ikusi egin behar hala geldituko ote den.
Baina ez da hori Txillidaren inguruan oraindik airean den galdera bakarra. Oraindik ere errekarrien pare agertu eta desagertzen da egunkarietan artistak Fuerteventura uharteko Tindaya mendirako pentsatutako proiektuari buruzko eztabaida. Hori izan zen donostiarraren beste amets handietariko bat. Handiena, akaso. Tolerantziari Monumentua deituriko proiektua. 400 metro garai den mendi hori barrutik hustea zen artistaren asmoa. Hutsune erraldoi bat sortzea, alegia. Baina balio kultural eta sinbolikotasun handiko mendia da Tindaya hangoentzat, eta 1994an proiektua aurkeztu zutenetik, bizia izan da polemika. Kanarietako Gobernua alde agertu zen, baina ustelkeria kasuak eta ekologisten kexuak tarteko, hoztu egin zen giroa. Oraindik ere, maiz ateratzen da proiektuaren aldeko eta kontrako albisteren bat egunkarietan, eta aldiro berritzen da eztabaida. Baina oraindik ametsa da Txillidaren amets hura.
Galderak dira nagusi galderak maite zituen artista haren inguruan. Baita artista hil eta hamar urte bete direnean ere. Baina, hain zuzen ere, hor aurkitzen omen zuen hark norabidea, galdera handietan. Horrek mantentzen du klasiko eta gaurko, aldi berean. Erabat itxi gabe. «Arriskuz beteta ikusten dut erantzun baten antza izan dezakeen edozertan pausatzea, berehala baitakit ez dagoela erantzun zehatz eta erabatekorik; gizona ez dela gizon, eta artista ez dela artista, ziurgabe denaren desafioaren mugan ez bada. Arrisku horiekin egiten dut aurrera».
Guztiz itxi gabeko Txillida
Duela hamar urte hil zen euskal arte garaikidearen bultzatzaile eta berritzaile nagusietako bat izan zen eskultoreaAirean dira haren egitasmo handietariko bi: Tindayako monumentua eta Txillida Leku
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu