Hainbat imajinario ahotan

Ahozkotasunak antzerkiarekin duen harremana aztergai izan dute Donostian, Ehazek antolatuta. Itzulpenek, euskalkiek edo erreferenteek antzezlanetan nolako eragina duten izan dute hizpide.

Donostian elkartu ziren atzo atzerkizaleak, Hik Hasiren topaketa pedagogikoen barruan Ehazek antolatutako mahai inguruan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Noiz funtzionatzen du antzerkian euskarazko testu batek? Zergatik jotzen du sarri publiko euskaldunak erdarazko bertsiora, euskarazkoa ere badagoenean? Euskalkiak ala euskara batuak, zerk egiten dio mesede edo kalte obra bati? Eta zenbateraino du garrantzia testuinguruak, norberaren imajinarioak, erreferentziek antzezlan batez gozatzeko? Galdera horiek guztiak eta beste hainbat mahai gaineratu zituzten Josune Zabalak, Iñaki Ziarrustak, Julia Marinek eta Mattin Ziarrustak atzo. Antzerkia eta ahozkotasuna izenburupean, bigarren urtez Esperientzixak jardunaldiaantolatu zuen Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak Donostian, Hik Hasiren topaketetan. Nork bere eskarmentutik galderei erantzuten saiatu ziren hizlariak mahai-inguruan, eta beren kezka eta gogoetak beste antzerkizaleekin partekatu zituzten.

«Euskaldunberri baten esperientzia, erabat subjektiboa» eraman zuen Donostiara Ziarrustak, Atx proiektuko kideak. Edozein hizkuntza lehenik etxean, gero inguruan eta azkenik maila akademikoan ikasten bada, euskaldunberriek prozesu hori kontrako norabidean egin behar dutela esplikatu zuen, horrek hizkuntzaren hainbat elementu jasotzea asko zailtzen diela azaltzeko. Egungo bizimoduak ahozkotasunean ere baduela eraginik uste du. «Antzinan, gure aitite-amamaren bizimodua nahiko errepikakorra zen, eta berau kontatzeko diskurtsoa edertu behar zuten; bazegoen entrenamendu bat horretan. Egun, horrenbeste estimulu daude, gertatu zaizkigun hamaikamila gauzak kontatzeko eskematizaziora jotzen dugula. Ez dago entrenamendurik ahozkotasunean».

Ariketa hori, haurra zela lagunartean egin ohi zuen Irigoienek, atzerkigileak azaldu zuenez. Kantuan, hitzekin jolasean edo izengoitiak jartzen nola aritzen ziren ekarri zuen gogora, ahozkotasuna zer den ez dakiela, baina zertarako baliatu nahi duen badakiela adierazteko. «Horiek ere ahozkotasuna dira; kapaz izatea zure barruko gauzak erraiteko, baina baita zure inguramena izendatzeko ere, beste begi batzuekin».

Ariketa horrek komunitatearekin duen loturaz mintzatu zen. «Hitzez haratago, mintzo den horren hitzak dira, jendea da. Ahozkotasuna da nola partekatzen ditugun memento batez sentsazio batzuk. Bada partekatzen dugun mundu ikuskera bat, geurea den imajinario bat funtzionatzen duena; horrek gaitu egiten komunitate». Horri esker, «erranak bezainbat elipsiak erraiten du; erreferentziak baditugu komunean, eta horiek dira mintzo».

Baina zer gertatzen da erreferentzia horiek ez badira berberak? Ahozkotasunaren transmisioan izan den «haustura handia» aipatu zuen Irigoienek. «Sasoi batean idatziak, modernitateak, telebistak gaina hartu du eta baliogabetu ditu lehen, uste gabe, euria bezala, jasotzen ziren horiek; euria beste bat izan da gero, beste batek gaitu busti». Euskalkiak jarri zituen mahai gainean Ziarrustak. Euskalkietatik «zurrupatu» eta euskara batua gehiago aberastu daitekeela uste du, obrak bat-batekotasuna ez galtzeko eta publikoari mezuak zuzenean iristeko. Irigoienen ustez, antzerkia tresna egokia izan daiteke «erraiteko dugun hori birsortzeko».

Itzulpengintza ere gogoetagai

Erdal jarduera batek erdal kultura sortzen duen neurri berean, sarri «euskal antzerkia barik antzerkia euskaraz» egin izan dela esan zuen Ziarrustak. Merkatua dela-eta obrak maiz erdaraz pentsatu eta idazten direla, eta ondoren gogoeta egin gabe euskarara itzultzen direla esan zuen. «Euskal jarduera bat egiten eta horretan ahozkotasunarekin entrenatzen saiatu behar genuke».

Obren itzulpenaz aritu zen Marin ere. Testu egileen eta konpainien arteko harremanaren beharra nabarmendu zuen itzultzaileak, bereziki konpainiek obra bera lehenik erdaraz eta ondoren euskaraz ontzen dutenean. «Gazteleraz erabakitzen dira intentzioak, eta euskarak erabat makurtu behar du horretara. Ez dago errudunik, baina diglosia eskenatokira eramaten dugu». Gorputza eta emozioekin batera, hitzaren garrantzia aldarrikatu zuen Donostiako Arte Eszenikoen Tailerreko irakasleak. «Hitzak emozioak transmititzeko eta gorputzarekin espresatzeko balio du; osoak gara, eta lerroan jarri behar ditugu hitza, emozioa eta gorputza arimarekin komunikatzeko».

Bai ahozkotasunari bai antzerkiari begira interesekoa izan daitekeen datua eman zuen Zabalak, Mintzola Fundazioko arduradunak: «Psikologoen arabera, komunikazioan hitzak %7an du garrantzia, ahotsak %38an eta gorputz-mintzairak %55ean». Ikuspegi sozio-kulturaletik, hitzak eta gorputzak ez ezik, «horren azpitik dauden gizakiaren barne emozioek eta hizkuntza horretan komunikatzen den kulturak» duten garrantzia nabarmendu zuen.

Antzerkiak alderdi horri erreparatuz eta landuz egin dezakeenekarpena nabarmendu zuen Zabalak. Bide horretan, ernatzen ari den proiektu baten berri eman zuen: Ahozko barnetegiak. Bertsozale, kantuzale zein antzerkizale elkarteekin eta ipuin kontalariekin Mintzola azken urtebetean horren inguruko gogoeta egiten ari dela azaldu zuen, arlo horretan arte diziplina bakoitzaren ekarpena zein izan daitekeen zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.