Munduko herrialderik pobreena da Haiti, baina badirudi hondamendi bat gertatzen denean bakarrik gogoratzen garela kontu horrekin. Hilaren 12an lurrikara batek herrialdea suntsitu zuenetik bi urte bete ziren, eta, nola ez, komunikabideek aste osoa pasatu dute epe horretan Haitin jazotakoak komentatzen, haitiarrek «aberastasun materialen faltan, ondasunik handiena, itxaropena» dutela azpimarratuz, egunkari batean azaldu bezala. Aztertzekoa litzateke noren ikuspuntuaren, noren interesen alde egiten duen adierazpen horrek, ezen Haiti ez zen beti «mendebaldeko hemisferioko naziorik txiroena», Laurent Dubois eta Deborah Jenson Haiti Humanitateen Laborategiko zuzendariek (Duke Unibertsitatea, AEB) duela gutxi salatu bezala. XIX. mendean, hain zuzen, Haiti nekazaritza berrikuntzaren eredu izan zen, eta hari esker arrakasta ekonomiko handia lortu zuen. Toussaint L'Ouverture buru izan zuen esklabo iraultzaren (1791-1804) ondotik jazo ziren gertaerok, askatasuna lortu berri zuten beltzek Jean Casimir soziologoak «kontra-plantazio» sistema izendaturikoa indarrean jarri zutenean. Esklabo zirela, kanabera azukrea landatu eta prozesatzen zuten beren jabeentzat, baina elikatu barrakoien inguruan zituzten baratze txikietan landatzen zutenetik elikatzen ziren. Baratze txiki horietan landare askotarikoak elkarrekin ereiten zituzten, nekazaritza sostengarriaren adibide goiztiarra izanik. Askatasuna lortu ostean, haitiarrek nekazaritza mota hura erabiltzen jarraitu zuten fruituak, barazki sustraidunak eta atzerrian saltzeko kafea ereiteko. Landetxe txikiak sortuta, esklabotza garaiak definitu zituzten plantazio handietara itzultzeko aukera saihestea zen helburua.
Landetxe sistemak ekonomia deszentralizatzea posible egin zuen (jarduera ekonomikoak 11 eskualde autonomoren artean banaturik zeuden), haitiarrei beren bizimoduaren gaineko kontrola ematearekin batera. Ameriketan ziren afrikar jatorrikoen artetik, Haitiko beltzek bizi- baldintzarik onenak izatea lortu zuten. Urte gutxiren buruan, Haiti etorkinen helmuga bihurtu zen, batez ere afrikar-amerikarrena. AEBetako gobernuak ez zuen Haiti ofizialki errekonozitu 1862a arte, baina estatubatuar merkataria irla-nazioarekin negozioak egiteko prest agertu ziren hasieratik. (Europako herrialde kolonialistei ere kosta zitzaien Haiti errekonozitzea, beren kolonietan han jazotako iraultzen modukoak gertatzearen beldur baitziren. Bien bitartean, Frantziak jabe frantsesei kendutako plantazioen kalte-ordaina bere gain hartzeko eskatu zion Haitiko Gobernuari; horrek maileguak eskatu zituen, gastuari —nazioaren aurrekontuaren %30— aurre egitearren, zorra ziklo batean sartuz).
XX. mendean, baina, haitiarren sistemak presio handia jaso zuen. Kanpotarrak, Haitiko elitea lagun, landetxe txikiak aurrerapenari begira oztopo bat zirela esaten hasi ziren. AEBek Haiti okupatu zuten 1915 eta 1934 bitartean, eta jarduera ekonomikoa Port-au-Princen zentralizatu zuten. Bestetik, konstituzioa berridatzi zuten, eta horri esker atzerritarrek lurra erosteko eskubidea lortu zuten (fundatzaileek debekatu egin zuten hori esklabutza eragozteko), eta baserri txikiak atzerritar korporazioek gidaturiko plantazio handiekin ordezkatu zituzten. Haitiarrak okupazioaren kontra altxatu ziren, baina errepresioa izan zen erantzuna. Sistema aldaketari ekonomiaren eta ingurugiroan gainbehera jarraitu zitzaion. Gaur egun, Haitin kontsumitzen den janariaren erdia inportatua da.
Diskordia iraultzaren ondotik zabaldu zela uste du C. L. R. Jamesek. The Black Jacobins: Toussaint L'Ouverture and the San Domingo Revolution (1938) liburuaren egilearen aburuz, nazioaren narrazioa atzerritarrek, urruneko ahotsek, oportunistek gidatu zuten. Azken urteetan, baina, Haitiko idazleek gidaritza hartu dute eta irla-nazioaren historia lehen pertsonan kontatzeari ekin diote. Haietako bat da Edwige Danticat (Port-au-Prince, 1969).
Danticaten literatur ekoizpenak, Krik? Krak! (1996) ipuin bilduma zein Brother I'm Dying (2007) nobela biltzen dituena, haitiarrek beren herrialdearen iraganarekin duten harremana aztertzen dute. New Yorken bizi da egilea nerabe bat zenetik, baina jaioterriarekin duen harremana ez da batere ahuldu. Akaso Haitin gertatzen denaz kontzienteagoa da, The Farming Bones (1998) lanean azaltzen duen bezala.
1930eko hamarkadan kokaturik dago The Farming Bones, eta haitiarrek «kout kouto» esaten dioten masakrea du hizpide. 1995ean Danticat Dominikar Errepublika eta Haiti banatzen dituen Masakre ibaia bisitatzera joan zen, eta harrituta geratu zen inguru horretako jendearen bizimodu patxadatsuarekin. Izan ere, herritarrek erabat ahaztua zuten urte batzuk lehenago kokaleku horretan jazotako sarraskia. Horren aurrean, egileak biktimak eta haien sufrimedua memorializatzea erabaki zuen, haien historia kontatuz. 1937an Dominikar Errepublikako presidenteak, Rafael Trujillok, lurraldean zeuden haitiar guztiekin akabatzeko agindu zion armadari. Gehienak matxeteekin hil zituzten. Diktadorearen helburua zen dominikarrak eta haitiarrak segregatzea, kontrol zorrotzagoa ezartzeko bi herrien artean. Sarraskiak iraun zuen bost egunetan, hamar mila haitiarretik gora galdu zuten bizia.
Literatura
Haiti, historia alternatiboa
Haitiko historia denbora luzez atzerriko ahotsek gidatu zuten, hango idazle zenbaiten aburuz; azken urteetan, baina, Haitiko idazleek gidaritza hartu dute, eta irla-nazioaren historia kontatzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu