Jai-Alai pilotalekua batzuen eta besteen animo oihuz eta jai giroz bete zuten 1.900 lagun inguruk, bigarren sailkatu berriak, eta Arzallus, Barroso eta Colinarekin batera kantuan aritu ziren Joanes Etxebarriak, Eneritz Zabaletak, Xumai Muruak, Miren Artetxek eta Ekhi Erremundegik. Txapelketan eta finalean, gorabeherak alde batera utzita, erakutsitako maila Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean indartzen ari den bertso haizearen erakusle izan ziren. 1960tik egungo haizea sortzen lagundu zuten bertsolarien erretratuek jantzi zituzten oholtzaren bi aldeak, eta txapelketan zehar bezala, finalean ere aipatuz omendu zituzten.
Buruz burukoa amaituta jarrizion Mixel Itzaina euskaltzain eta idazleak txapela txapeldunari, eta txapela buruan gurasoak eta irakasleak omendu zituen azken agurrean Arzallusek:
Amets Arzallus:
Hizkuntzak badoaz hiltzen
eta hemen bada baño
nik ez daukat eskaintzeko
sehaska kantu bat baino.
Guraso ta andereño
ekialdeko sormen laino
ikastolak asmatzera
joan zineten plazaraino.
Sustrai ta ni joaten ginen
Hendaiatik Kanboraino
andereño haien maitasuna
gogoan dugu oraino.
Zueri esker, euskarak
ta ikasle bakoitzak ño
bihotzak zabalagoa du
hizkuntza handiek baino.
Saio guztian zehar jarrera serioz egon zen Arzallus bertsotan saioa lotuz aritu zen kantuan aurrez kantatutakoak behin eta berriz bertso berrietara bikain ekarriz, berea duen mailan, beti gainetik; saio luzean zenbaitetan beste batzuetan baino gehiago asmatu behar bazuen ere.
Txapelketatan buruz burukora sailkatuta behin baino gehiagotan gertatu bezala, gora egin zuen atzoko buruz burukoan ere. Korapiloa izan zuten bederatzi puntuko motzean bertsoa osatzeko gaia, eta bertso borobila kantatu zuen egoera politikoari lotuta: «Gure korapiloak / diren bi estatu / guhaur ez al gira / korapilatu? / korapilo borobil / edota karratu / korapilo anarko / edota sakratu. / Puntak nola hartu / ta zilotik sartu / nola estekatu / dugu estudiatu; / noiz ikasiko dugu / nola askatu?».
Ofiziotan eman zituen buruz burukoaren aurretik Barrosok onenak, eta oro har ere hala izan zen. Arzallusekin kantatu zuen hamarreko txikian, aita-semearen rolean. Joana Itzainak jarritako gaiari jarraituz, kaleak bideo kameraz zaintzen lan egiten zuen semeak aita ikusi zuen gauean. Norekin zegoen galdetu zion Arzallusek lehen bertsoan, eta maitalea apaiza zela erantzun zion aurreko gai baten harira.Arzallus semeak amari ezer esango ez ziola eta zerua irabazita izango zuela bota ondoren, era honetara amaitu zuen bertsoaldia: «Zerua segurra dut / diozun bezala / baina amak jakiten / baldin badu hala / uste dut infernua / biziko dudala».
Ariketa berean, Colinak Artetxerekin egindako lanean egin zuen ariketarik gorenena. «Interneten bidez elkar ezagutu eta maitemindu dira. Lehen hitzordura heldu eta lagun talde berekoak direla ohartu dira. Miren kontent da, Sustrai, aldiz, harritua». «Harritu egin nauzu / anitz, hala fede / ikusiz horren hippie / eta ez moden mende / ez nekien internet / zeneukanik ere», abestu zuen bere lehen bertsoan Colinak. Artetxe ere fin aritu zen lan berean. «'Maite zaitut' mila aldiz / idatziz jo ta su / aspaldian burua / beroturik aizu / 'bihotz' ere nigandik / hartua daukazu / ala beti contro v / egiten didazu?», erantzun zion. Harriduraren ostean maitasuna nahi zuela kantatu, eta gero,azken bertsoari horrela eman zion amaia Colinak: «Zurekin egon nahi dut / ta ahal bada hil arte / nahiz ta lehorra naizen / txatetik aparte / zure musu goxoek / freskatuko naute».
Koska batera
Besteengandik koska batera, baina Etxebarriak saio txukuna egin zuen, nahiz eta batzuetan behera egin. Kartzelan, hitza emanda hamarreko handian kantatzeko gaia itxura jarri zieten, eta bertan bere zuberotarraren egoera azalduta utzi zuen saioko ale politenetako bat. «Xiberotarren ordezkaria / izan behar niala nik / lehia huntan nik zunbat aldiz / ez dut ba uken entzunik / ta ez du ahazten e' badudala / odol zenbait Bizkaiatik / Itxura istoria aipatzen da / ta hemen egia erranik / Izatez euskalduna niz eta / bestia itxura baizik».
Zabaletak lan ona eginagatik, ez zuen finalaurrekoetan egindako lana finalean biribildu. Ofizioetan, arrazoitzen eta elkarlanerako bideak zabaltzen lan ona egin zuen, eta bakarkakoan finalaurretan gisan preso duen aita hartu zuen kantugai «Ez zuen zuregandik hori igurikatzen; ze irribarre gozoa atera zaion» gaiak hartarako aukera emanda. Hala behar denetan erakutsi ohi duen legez, kantaera eta doinu gozoz eskaini zituen bertsoak, sentituz eta sentiaraziz. Hariari tiraka amari eskainitako azken bertsoan egindako potoaren sentipen gazi-gozoarekin amaitu zuen lan puntuagarria.
Muruari aurreko finalean eragozpen izan zuen urduritasunak atzo ez zion horrenbeste eragin, eta hobekuntza igarri zitzaion lehen txapelketatik. Artetxe ordea, birritan zuri gelditu zen, eta ez zuen maila erakusten asmatu, nahiz eta ofiziotan lan politik egin zuen.
Erremundegi lasai aritu zen kanpoan, txapelketaren tentsioetatik urrunen antzematen zitzaion, eta horrek freskotasuna eman bazion ere, mailari dagokionean apalago aritzean eragin zion.
Sailkapena
1.Amets Arzallus 6602. Odei Barroso 607
3. Sustrai Colina 386
4. Joanes Etxebarria 347,5
5.Eneritz Zabaleta 344,5
6. Xumai Murua 338
7.Miren Artetxe 329,5
8. Ekhi Erremundegi 320