Haizearen orrazia amets bat izan zen, Eduardo Txillidaren ametsa. Hasieran behintzat, luze gabe jende gehiagoren ametsa bihurtu baitzen, «proiektua egi bihurtzeko lagundu zutenen guztiena». Duela 30 urte egin zen Txillidaren eskultura ezagunaren instalazioa Kantauri itsasoak bere indarra erakutsi ohi duen Donostiako leku berezian, eta hura gogora ekartzekoegitarau zabala prestatu dute aurten gauzatzeko. Lehen ekitaldia atzo abiatu zen, Hernanin, Txillida Leku museoan. Haizearen orrazia, ideiatik proiektura, amets baten gauzatzea erakusketa zabaldu zuten Zabalaga Baserrian.
«Proiektuaren alde lan egin zuten guztiei aitak zien esker ona islatu nahi du erakusketak», esan zuen atzo Luis Txillidak Hernani, Donostia eta Legazpiko hainbat instituziotako ordezkarien, hainbat artista ezagunen eta prentsaren aurrean. «Berez ez da obra azaltzen duen erakusketa, bere garaian izan ziren kolaborazio guztiak islatzen dituena baizik». Zabalaga Baserriaren goiko solairuko hegaleko batean paratutako argazkiek osatzen dute erakusketa txikia, Txillida bera eta Haizearen orrazia osatzen duten burdinazko hiru zatiak erakusten dituzten hamasei bat argazki, zuri beltzekoak eta euskarri ertainekoak eta txikikoak gehienak. Piezak Legazpiko Patricio Etxeberria enpresan egin zituzten, eta hango lekukotzak ere badira, baita eskultura erraldoiak arroketan txertatzeko egin ziren lanenak ere.
Azken 30 urteotan Haizearen orrazia «ezagutu eta hura bizi izan duten guztien parte hartzea» lortu nahi dute Txillida Lekuko arduradunek, aurten gauzatuko den egitaraua handik koordinatu ahal izateko. «Gauza batek 30 urte badarama hiri batean esan nahi du onarpena lortu duela, eta horregatik ongi dago berriro inauguratzea». Donostiako ikurretako bat bihurtu da eskultura dagoeneko, eta 30 urte ondoren hura berriro inauguratzea bitxia izan daitekeela onartu zuen egilearen semeak, «are gehiago aitak inaugurazio kontuak oso gustuko ez zituela kontuan hartuta». Eskultura hura «haizeak eta olatuek» inauguratu zutela uste zuen Eduardo Txillidak, semeak jakitera eman zuenez.
ATZOKO ENBATA, TXILLIDAREN MEZUA. Atzo goizean eguraldi atsegina zegoen Donostia inguruan, baina 10:45 aldera enbata sartu zen itsasotik, eta haizeak bere indarra erakutsi zuen bat-batean. Pasadizo horri adiera pertsonala eman zion Luis Txillidak: «Bitxia izan da gaurko aldaketa; aita gogorarazi dit. Nik uste dut mezu bat bidali digula urarekin eta haizearekin batera. Haiek ere Haizearen orrazia-ren gaurko inaugurazio honetan hemen egon behar zutela esateko keinu bat egin digu nire ustez».
Ahalik eta instituzio eta herritar gehien batu nahi dituzte Txillida Lekuko arduradunek Haizearen orrazia berriro inauguratuko duen egitarauan parte har dezaten. «Denek egindako zerbait nahi dugu. Izan ere, Haizearen orrazia-k hitz egingo balu, ez dago jakiterik zenbat pasadizo interesgarri kontatuko lituzkeen».
Hala, atzo zabaldutako erakusketak abiatu du egitaraua; apirila arte izango da zabalik. Ostean, eskultura ezagunaren inguruko erakusketek jarraipena izango dute udan. Maiatzetik iraila arte Haizearen orraziaren alderdi estetikoak zabalduko dute, «obra bera aztertuko duena, proiektua bera». Eta irailean, hainbat argazkilari ezagunen erakusketa zabalduko dute, «Haizearen orrazia ikuspuntu askotatik erakusteko». Urte amaiera arte iraungo du azken erakusketa horrek.
Era berean, Cemento Rezola Museumak Elogio del horizonte (Ostertzaren laudorioa) Espainian kokatutako Txillidaren beste obra publiko bati buruzko erakusketa zabalduko du, Añorgan. Halaber, hiriko beste hainbat museotan Txillidari buruzko lanak zabaltzeko aukera aztertzen ari dira, tartean Miramongo Kutxaespazioa.
Nolanahi ere, Txillidaren eskultura ezagunaren bigarren inaugurazio ofiziala irailaren 16an egingo dutela erabaki dute. «Egun horretan zabaldu zen espazioa, baina egun zehatza ez dakigu ongi zein izan zen. Azken eskultura irailaren 3an ipini zen, baina gero garbiketa lanak egin behar ziren. Antza, irailaren 16an kendu zituzten hesiak, egunkariren batek jaso zuenez, eta horregatik hartu dugu egun hori ospakizunetarako». Diziplina askotako ekitaldiak egingo dira egun horretan Donostian, antzerkia, dantza eta musika alorrekoak esaterako. «Hirian Haizearen orrazia-ren ospakizunen giroa zabaltzea nahi dugu».
Hori irailean izango da. Sasoi horren aurretik beste hainbat ekitaldi egingo dituzte, tartean 30 Orraziak lehiaketa. Txillidak eskultura bukatu aurretik sortutako zirriborroak erabiliz 30 erreprodukzio txiki egingo dituzte 30 sari banatzeko, «erabat irekita egongo den lehiaketa». Diziplina jakin batera mugatu beharrean, parte hartzaileek alor desberdinetako sormenak aurkeztu ahal izango dituzte. Orraziak irabazten dituztenen lanak ikusgai jartzeko asmoa badutela adierazi zuen Luis Txillidak.
«'Haizearen orrazia'-k onespena dauka hirian; horregatik, ongi dagoberriro inauguratzea»
«Aitak mezu bat bidali digu gaurko enbatarekin,urak eta haizeak hemen egon behar zutela esateko»
Luis Txillida
Txillida Lekuko zuzendaria
«Haizeak eta olatuek» orain 30 urte inauguratu zuten Txillidaren ametsa
'Haizearen orrazia'-ren urteurrena gogoratzeko, egitarau zabala prestatu dute urte osorako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu