Donostia 2016

Hamabi proposamen Donostia 2016rako

Bakeari buruz Europan egindako erakusketa handiena hartuko du kultur hiriburutzak  

Pablo Berastegi, Juan Karlos Izagirre eta Enara Garcia, aste hasieran egindako agerraldi batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko martxoaren 6a
14:48
Entzun

Kultur hiriburutzaren barruan antolatuko dituzten hamabi ekitaldiren berri eman die herritarrei Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusia buru duen ordezkaritza batek, gaur arratsaldean  Lugaritz kultur etxean egindako aurkezpen batean. Batzuk lehenago hasitako proiektuak dira eta beste batzuk, berriz, kultur hiriburutzaren urtean gauzatuko direnak.

Honako hauek dira gaur aurkeztutako proiektuak.

1. Uda-gau bateko ametsa (2016ko ekainaren 21etik uztailaren 24ra).

William Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrena dela eta, Cristina Enea parkea haren lanik adierazgarrienetako baten agertoki bihurtuko da: Uda gau bateko ametsa.
Ikuskizunak antzerkia, dantza eta musika batzen ditu, eta publikoari parte hartzeko aukera ematen dio. Hain zuzen, lanaren agertokia izango den ezkontza oturuntzako gonbidatuak izango dira ikusleak. Emanaldia ekainaren 21ean egingo da lehen aldiz, udako solstizioaren hasieran, istorioa gertatzen den garaian, alegia, eta egunero antzeztuko da hilabetez. Iluntzero, 300 pertsona gonbidatuko dira ezkontza aurreko otordu batean parte hartzera, eta aitzakia umoretsua izango da gauez istorio ibiltari batean murgiltzeko. 

2. Corners of Europe (2015 eta 2016 urteetan)

Corners of Europe Europako periferiako sortzaileen sarea da. “Europako txokoetako” sortzaileak harremanetan jartzen ditu talde-espedizioen bidez, eta jatorri eta diziplina ezberdinetako artisten arteko lankidetza-proiektuak sustatzea du helburu. Sei euskal artistak (Juan Aizpitarte, Beatriz Churruca, Ixone Ormaetxe, Borja Ruiz, Asier Zabaleta eta Joseba Irazoki) hartzen dute parte Europako 50 artista baino gehiagorekin batera.
Proiektuak ohiko testuinguruetatik at eramaten ditu artistak eta bultzatu egiten ditu periferiatan, txokoetan esku-hartzeak egitera eta esperientzia horiek kontinentearen gainontzeko tokietara eramatera, parte-hartzaileen arteko lanaren ondorioz sorturiko diziplina anitzeko lan edo ekimenen bidez erakusteko.

3. In varietate concordia (2015 eta 2016 urteetan)

Europar Batasunaren lema den In varietate concordiak Donostiako hizkuntza aniztasuna ezagutaraztea du xede. Hiriko kaleetan 101 hizkuntza inguru entzuten dira egunero. Aniztasun hori nabarmentzeko asmoz, ekimenak zubiak eraiki nahi ditu hizkuntza guztien artean. Marga Berra artista grafikoaren zuzendaritzapean egingo da.

4. Emusik (2016ko apirilean eta maiatzean)

Europan inoiz egin den eta aldi berean joko duten musikari gehien izango dituen kontzerturik handiena egingo da Donostian, Emusik ekimenari esker. 26 herrialdetako 20.000 musikarik aldi berean interpretatuko dute pieza klasikoek eta musika modernoak osatutako musika errepertorio bat. Gainera, abagune honetarako berariaz sortutako Emusik 2016 abestia joko dute. Abiapuntua izango da Europako Musika Eskolen Elkarteak bi edo hiru urtean behin antolatzen duen musika eskolen jaialdirako. Jaialdian mila kontzertu baino gehiago eskainiko dira lurralde osoan, Baiona eta Gasteiz artean.
 

5. Bake-Ituna (2016an)

Artean eta zuzenbidean bakearen, gerraren eta indarkeriaren arteko harremanen errepresentazioari buruzko ibilbidea, bi gunetan banatutako (Koldo Mitxelena Kulturunea eta San Telmo Museoa) erakusketa nagusi batean. Ekimenak barne hartzen ditu hainbat azterketa-kasu eta bertako historiarekin lotura duten zenbait mugarriren erakusketak, adibidez, 1659ko Pirinioetako Bakea edo 1839ko Bergarako besarkada. Gainera, proiektuak aurreikusten du zazpi artista gonbidatzea —Ibon Aranberri, Asier Mendizabal, Juan Luis Moraza eta Alejandra Riera, besteak beste— interbentzio zehatzak garatzeko, Aldiriak izenekoak, proiektuak lantzen dituen gaiei buruz. Azkenik, erakusketen egitura zabal osoa jasoko eta dokumentatuko duten hiru publikazio argitaratzea aurreikusten da eta hiru saiakera monografiko ere gaineratuko zaizkie. Erakusketa handi hau 2016ko Donostiaren Kultur Hiriburutzaren proiektu nagusietako bat da. 

6. Antzerki foruma (2015 eta 2016an)

Zapalduen antzerkiaren eskolak ezarritako premisetan oinarritutako ekimenak antzerkia erabili nahi du indarkeriak eta gizarte-gatazkak eragindako sentimenduei, kontraesanei eta arketipoei aurre egiteko. Bi ordu iraungo dituen esperientziaren bidez, euskal gizarteak iragan hurbilean jasan duen gatazka berriz bizitzeko aukera izango dute ikusleek, etorkizun kolektiboari beste ikuspuntu batetik aurre egiteko. Guztira, 100 saio egingo dira 2015 eta 2016an.

7. Dance 2gether (2015 eta 2016an)

Esperimentu honek neska-mutilek hartzen dituzten rolen arteko aldea lausotu nahi du dantza komunitarioaren bidez, baita komunitateko kide izatearen sentimendua indartzea eta lankidetza sustatzea ere. Proiektua abiarazteko, dantza komunitarioaren inguruko prestakuntza-saioak egingo dituzte profesionalekin lehengo, eta ikastetxeekin, ondoren.

8. Harea artean (2016ko apiriletik ekainera)

Proiektu honen muina Tuiza instalazioa da. Federico Guzman artistak (Sevilla, 1964) sortu du, Museo Reina Sofíarekin koprodukzioan. Bojadorren tindatu dituzten melhfa izeneko Saharako emakumeen soineko tradizionalez osatutako haima batek batasuna, elkartasuna eta enpatia irudikatuko ditu. Haimaren babesean hainbat jarduera jarduera egingo dira, besteak beste, mintegiak, hitzaldiak, ikuskizunak, eztabaidak... 

9. Hirikilabs (2016an)

Teknologia herritarren zerbitzura jartzeko laborategia da Hirikilabs. Tabakalera, Kultura Garaikidearen Sormen Zentroarekin batera sorturiko ekimenaren helburua abangoardiako tresnekin esperimentatzea da, Do It Yourself (egin ezazu zuk zeuk) filosofiari jarraiki, eta ezagutza partekatze teknologia berriak erabiltzea, tailerretan eta ikastaroetan.

10. Time Machine Soup (2016ko otsailean)

Denbora-makina honek iraganera eramango gaitu dastamen-papilen eta gastronomiaren bidez. Partaideek hamabi zopa historiko dastatuko dituzte, erlojuak markatzen duen ordu bakoitzeko bana. Proiektuaren helburua europar kontinentearen historia markatu duten une ezberdinak deskubritzea da, horretarako garai bakoitzeko propioak diren elikagaiak erabiliz. Horrela, gustuaren zentzuak nola eboluzionatu duen erakutsi nahi da. Ekimena materializatzeko, perormance multidiziplinar bat egingo da, eta Donostian lehen geltokia egin ondoren, lurraldeko hainbat tokitara zabalduko da.

11. 2016 Bidea (2016ko martxotik urrira)

Euskal Herriko paisaia naturalak ekologikoki ezagutzeko ibilbidea da. Oinez ibiltzeko bidea etorkizunerako ondore izango da.  2016 ibilbidea 32 etapaz egongo da osatuta, eta mendiaz gozatzeko proposamen berritzailea da. Ibilaldietan kontzertuak, ikuskizunak eta instalazio artistikoak izango dira.

12. Europar elkarrizketak (2015ean eta 2016an)

Europar elkarrizketak herritarren parte-hartzera irekitako solasaldi-zikloa da. Hona hemen hizlarietako batzuk: Jose Manuel Durao Barroso, Europako Batzordearen presidente ohia; Antonio Vitorino, Justiziako komisario ohia; Fausto Pocar, Nazioarteko Zigor Auzitegiko magistratua eta Saskia Sassen, Herbehereetako soziologoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.