Hamabi Zumeta… eta hamasei Aristi

Jose Luis Zumetaren ilustrazioekin kaleratu du Pako Aristik 'Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak' ipuina

Pako Aristi eta Jose Luis Zumeta, bien liburuarekin. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Sormenezko triangelu bat» dago Pako Aristik idatzi eta Jose Luis Zumetak ilustratutako Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak liburuaren (Elkar) jatorrian, idazleak, Aristik, azaldu duenez. «Nik Zumeta miresten nuen margolari moduan, oso gustukoa nuen haren obra. Monika ezagutu nuen, haren alaba. Monikak umeak ditu, eta nik umeentzako idatzitako ipuin batzuk gustuko dituela esan zidan. Handik egun batzuetara, nik ipuin bat idatzi eta aitak ilustrazioak egitea zer irudituko zitzaidan galdetu zidan, eta nik erantzun nion ilusio handia egingo lidakeela. Jose Luisek ez du aurretik beste libururik ilustratu, eta uste nuen ez zuela nahiko, baina alabek badituzte nonbait aitak samurtzeko armak».

Ezagunak dira Zumetak Mikel Laboaren diskoak ilustratzeko egindako lanak; 1973an JosAnton Artzeren Laino guzien azpitik... eta Eta sasi guztien gainetik... obra bakarreko bi liburukietarako hainbat marrazki egin zituen; eta beste liburu batzuk ere argitaratu dira Zumetaren lanez edertuta. Baina Aristiri dagokio Zumetak ilustratutako aurreneko liburuaren idazlea izateko ohorea.

«Hamabi Zumeta dituen liburua dela esan daiteke, ilustrazio bakoitza Zumeta bat baita», esan zuen atzo Pako Aristik, liburua aurkeztean. «Baina esan beharko litzateke hamasei Aristi ere badituela», gaineratu zuen, irriz, «nahiz eta horrek ez duen hainbeste kotizatzen».

«Beste modu batean» idatzia

Aristiren ipuinak gaixorik dagoen ume baten sendaketa kontatzen du, hamasei ataletan banatuta, «sormenaren inguruko gogoeta» bat ere bere baitan hartuz. Zumetak ilustratuko zuela jakinda idatzi zuen, eta horrek idazkera aldatzera eraman du. «Oso urrun dauden bi esparru hurbildu behar nituen, literatura eta artea, hitzaren zehaztasuna eta Zumetaren abstrakzio piktorikoa. Nik ipuina bi esparru horiek hurbiltzeko zubi moduan planteatu dut». Idazlan «onirikoa» egin du, irudimenari, fantasiari eta poesiari leku zabala utzi diona. «Nik ez dut inoiz horrela idatzi, eta aurrerantzean beste modu batean idaztea posible dela adierazten didan lan bat izan da niretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.