Donostiako Musika Hamabostaldia iritsi da 65. ekitaldira. Hala ere, urte hauetan guztietan Hamabostaldia antolatzen aritu direnek ez dute inondik inora erretiroa hartzeko asmorik. Oraindik ere Hamabostaldi deitzen dioten arren, azken urteetan gehiago iraun izan du. Aurtengoak ere hilabete eta egun bat iraungo du, abuztuaren 5ean hasi eta irailaren 6ra arte. Guztira 74 kontzertu eta ikuskizun izango dira. Kontzertuak 69 izango dira eta horietatik 53tan musikari euskaldunek parte hartuko dute. Gainera, Hamabostaldiak antolatu dituen ziklo guztietan dago euskaldunen presentzia.
Emanaldi guztiak 29 egoitzatan banatuko dira. Horien artean nagusia Kursaala izango da aurten. Bere 5.urteurrena dela eta bertan egingo da Koruko Andra Mariren Basilikan egiten den ohiko sarrera kontzertua. Musikene Orkestra Sinfonikoak izango du aurtengo Hamabostaldiari hasiera emateko ardura. Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko Orketra Sinfonikoak emango diote aurtengo ekitaldiari amaiera, Brahmsen Alemaniar requiem bat obrarekin. Musikenek bere hasiera kontzertuan Javier Bello Portu duela gutxi hil zenaren El Carnaval de Lanz eskainiko du.Kursaaleko Auditoriumak kontzertu garrantzitsuak jasoko ditu. Horien artean hiru opera: Giussepe Verdiren Un Ballo in Maschera, Richard Straussen Electra eta Rossiniren La Donna del Lago. Lehena, Jesus Lopez Cobosen zuzendaritzapean, izango da antzeztuko den bakarra, beste biak Semion Bytxkoven eta Ricardo Frizzarenen gidaritzapean hurrenez hurren, kontzertu bertsioan eskainiko dira. Kursaalak berak orkestra sinfoniko handien kontzertuak jasoko ditu: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoia, Musikene Orkestra Sinfonikoa, Koloniako Irrati Orkestra Sinfonikoa (WDR), Rotterdameko Orkestra Filarmonikoa eta London Philarmonic Orkestra.
Gipuzkoan barna eta Arabara bisita
Aurtengoa ekitaldia «ibiltaritzat» jo dute antolatzaileek. Gipuzkoako bederatzi herri bisitatuko dituzte. Organo zikloaren barruan Azkoitia eta Azpeitia. Santiagoko bidea jarraituz, Irun, Orio, Zumaia, Deba eta Mutriku eta bestetik Andoaingo Buruntza harrobia, Hernaniko Txillida-Leku eta Getariako txakolindegi bat ere bisitatutko dituzte.
Aipatzekoak dira, besteak beste, Haurren Eguna, Andoaingo Buruntza harrobian eskainiko den ikuskizun berezia eta Txillida-Lekuko astearteak. Haurrei eskainitako egunean Fernando Argentak El Conciertazo berezia eskainiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Kontzertu honetan Pascual Osa, Argentaren lankidea, izango da orkestrako zuzendaria. Andoaingo Buruntza harrobia egoitza berria izango da aurtengo Hamabostaldian. Bertan, Gorka Aldaren hiru lan izango dira entzungai: Aura, Estructuras del vacio eta Buruntza. Asteartero Txillida-Lekun izango da hitzordua nahi duenarentzat. Ziklo honetan parte hartuko dutenek Zerk eragiten du musikaren sorkuntza? galderari erantzun beharko diote. Galdera honi erantzuna ematen saiatuko direnen artean abuztuaren 17an Jose Ignacio Ansorena txistularia, Joserra Senperena pianista, Kirmen Uribe poeta, Jon Maia dantzaria eta Andoni Egaña bertsolaria ariko dira. Ansorenak berak sortutako obrak interpretatuko dituzte inprobisazio bete-betean.
65. Donostiako Hamabostaldiak zenbait omenaldi prestatu ditu bere egitarauaren barruan. Lau pertsonaia omenduko dituzte: Javier Bello Portu, Marc-Antoine Charpentier, Heinrich Ignaz Franz vin Biber eta Salvador Dali. Lehenengoaren omenez, Musikene Orkestra Sinfonikoak emango dio hasiera Hamabostaldiari Kea Ahots Taldeak lagunduta. Charpentier, berriz, Ganbera Musikako Zikloan omenduko dute. Peñafloridako Kaperak Frantziako elizentzako musika egitaraua prestatu du.Biber, berriz, Antzinako Musika Zikloan entzun ahal izango da. La Risonanza taldeak interpretatuko du Arrosarioaren Misterioaren Sonatak bere obra. Hamabostaldiak Salvador Dali margolariaren mendeurrenean ere parte hartu nahi izan du. Horrela, Andaluziako Dantza Zentroak bereziki prestatutako ikuskizuna aurkeztuko da Kursaalean. Bertan ikusgai izango dira El Sombrero de tres picos eta Café de Chinitas obren koreografientzat Dalik egin zituen oihal eta jantzien erreplikak.Aurtengo ekitaldia aurkezteko afixa Jose Antonia Sistiagaren diseinua da. Irudia «bibrazio hutsa» dela esan du egileak.
DONOSTIAKO 65. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Hamabostaldi ibiltaria
Kursaala izango da egoitza nagusia, bere 5. urteurrena dela eta. Hiru opera eta orkestra sinfoniko handiak batuko ditu, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu