Donostiako Musika Hamabostaldiaren proposamen ibiltaria da Musika Aitzakia zikloa. Euskal Herri osoko hainbat herritan musika klasikoko kontzertuak egiten dituzte. Aurten hamabost antolatu dituzte orotara; horietako bederatzi, abuztuko bigarren hamabostaldian. Askotariko emanaldiak egiten ari dira.
Hurrengoa bihar izango da, Txillida Lekun, Hernanin (Gipuzkoa). Gerhard Laukoteak Dmitri Xostakovitxi eskainitako kontzertu bat emango du. Abuztuaren 26an, berriz, Antton Valverdek bere disko berria aurkeztuko du Harkaitz Canorekin batera, Gaua ausentziaren itzala.
Araban barna
Musika Hamabostaldiak eta Arabako Foru Aldundiak elkarrekin antolatzen duten Araban Musika Aitzakia programak ere aurrera jarraitzen du. Gaur, Duo Cassado bikoteak Astor Piazzollari omenaldia egingo dio, Orgaztarren jauregi eta dorrean, Lantaronen. Gaur, gainera, Liana Gourdjiak eta Josu OkiƱenak euskal konpositoreen obraz osatutako errezital bat taularatuko dute Kanpezuko Andre Maria elizan.
Hilaren 25ean Gorka Hermosak eta Silvia Marquezek Fantangueando emanaldia eskainiko dute Kuartangoko bainuetxeko antzokian. Piazzollaren omenezko kontzertua izango da hori ere. Azkenik, Soinuaren Bidaia talde bokal eta instrumentalak Zalduondon joko du hilaren 27an.
Hamabostaldia, ibilian
Musika Aitzakia eta Araban Musika Aitzakia zikloetan sei kontzertu egingo dituzte Gipuzkoan eta Araban abuztuaren amaiera arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu