Zinema. Estreinaldiak

Hamahiru urte ez dira debalde igaro

'American Pie: Reunion' filmean, 'American Pie' komedia arrakastatsuko pertsonaia nagusiak heldutasunera iritsi dira

American Pie: Reunion filmeko protagonistak jada ez dira nerabeak. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Hamahiru urte pasatu dira eta berriro elkarrekin daude. Dagoeneko ez da hormonak borborka dituen gazte taldea; hogeita hamar urtetik gora dituzte eta bakoitzaren bizitzak berezko norabidea hartu du. Ikusle gehienek uste zuten ez zituztela gehiago elkarrekin ikusiko. Baina, sosa tartean delarik, Hollywooden dena da posible, eta hemen da berriro American Pie.

1999an egin zuten lehen American Pie, Michigango institutu batean girotutako komedia ausarta. Bertako lau nerabek birjintasuna galdu behar zutela erabaki zuten, eta ahalegin horretan hamaika gorabehera izan zuen lagun talde xelebreak. Filmak izugarrizko arrakasta izan zuen, batez ere AEBetan, eta nerabeen komedien kanon ezinbestekoan sartzea lortu zuen.

Horren ostean, beste bi film etorri ziren, baina horietan saila interesa galtzen hasi zen, nabarmen. Zaila zen lehen pelikula hark zuen freskotasuna berriro topatzea. Bi pelikula horien ostean, akabo American Pie. Urteak pasatu ziren, eta den-denak ez zeuden ados saila amaitzearekin. Craig Perry, Warren Zide eta Chris Moore izan ziren American Pie-ko pelikula guztien ekoizleak, eta sinetsita zeuden film berri batek arrakasta izaten ahal zuela. Hortaz, ez zuten etsi ekoiztetxeak baiezkoa eman zuen arte.

Horretarako, bi faktore ezinbesteko behar ziren: aktore taldeak proiektuari baiezkoa ematea eta zuzendari egokia aurkitzea. Aktoreei dagokienez, denak egon ziren ideiarekin ados; urte dezente pasatuak ziren talde osoa elkarrekin ari zenetik eta pertsonaiak heldutasunean nola ariko ziren jakin-min handia eragin omen zien.

Zuzendaria aurkitzeko ez zuten traba handirik izan. Jon Hurwitz eta Hayden Schlossberg antzeko hainbat komedia arrakastatsutako gidoiak idatziak zituzten eta sailaren jarraitzaile amorratuak ziren. Horregatik, berehala eman zioten baiezkoa pelikula berria egiteko proposamenari. Lehen American Pie hamaika aldiz ikusia zuten ordurako eta pertsonaien inguruan jakin beharreko guztia ongi baino hobeto zekiten.

Heldutasunerako bidean

Hamahiru urte pasatu eta, normala denez, American Pie: Reunion-en gauzak dezente aldatu dira. Jim eta Michelle ezkondu dira. Kevin eta Tara, gauza bera egin eta gero, bereizi ziren. Oz eta Heather ere urrundu dira, nahiz eta bien artean oraindik ere baden erakarmen handia. Finch pertsona misteriotsu bat da oraindik. Gainerakoek ez dakite oso ongi zer egiten duen, baina gauza batean ez da batere aldatu: Stilferen ama oraindik oso gogoan du.

Azaleko normaltasun horren atzean badira ezkutuko hainbat kontu. Esaterako, Jimen eta Michelleren arteko harremana ez da itxura batean ematen duen bezain lasaia, auzokide bat Jimekin maiteminduta baitago. Horrez gain, Nadiaren sexu bideoak arrakasta handia izan du Youtube-n. Oz Malibuko etxetzar batean bizi da, baina haren neska-lagunak diruarekiko obsesio handia du. Azkenik, Stilferen bizimodua desastre hutsa da oraindik ere.

Egoera horretan elkartuko dira institutuko lagun ohi guztiak, eta topaketa horretatik sortuko dira American Pie: Reunion filmaren mamia diren korapilo berriak.

'AMERICAN PIE: REUNION'

Zuzendariak: Jon Hurwitz eta Hayden Schlossberg.

Aktoreak: Jason Biggs, Alyson Hannigan, Seann William Scott, Tara Reid, Mena Suvari, Chris Klein, Thomas Ian Nicholas.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 113 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.