Erasmus belaunaldia izenarekin bataiatu dituzte euskal literaturan murgildu berri diren emakume idazleetako batzuk. Gainerako idazle hasiberriak baino «gainbegiratuago» sentitu dira neska horietako asko. Horregatik argitaratu dute liburu hau. Katixa Agirrek azaldu duenez, euskal literaturan zabaltzen ari zen ideia horri erantzun umoretsu bat emateko asmoz: «Izatekotan, hobe Orgasmus, Erasmus baino».
Irati Jimenezek nahi gabe jarri zion abiapuntua liburu honi, BERRIAko Hirudia saileko iritzi zutabe bat argitaratu zuenean. Orgasmus izendatu zuen artikulu hura: «Atzerrian kokaturiko istorioak idazten omen genituen, eta hortik zetorren gure belaunaldiari Erasmus deitzeko joera, baina ez zait inoiz etiketa hori gustatu». Ideia hartatik abiatuz, hainbat idazleren ipuin bilduma bat Literotura sailean argitaratzeko proposamena egin zion Txalaparta argitaletxeak Jimenezi. Izen bera jarri diote liburuari ere. «Erasmus baino erakargarriagoa, erotikoagoa, sexiagoa da».
«80ko hamarkadan, euskal literaturan ziharduten hiruzpalau emakume ekintzaileren lana bermatzeko ahalegina egin zen», ekarri du gogora Edorta Jimenezek, Literotura sailaren arduradunak. Jimenezen iritziz, azken urteetan literaturan murgildu diren idazle eta emakume diren gazteekin ez da gauza bera gertatu. «Agerian dago euskal literaturaren inguruan dagoen misoginia eta bekaizkeria, eta horri ematen dio erantzuna liburuak».
Azalpen gehiago eman behar
Iritzi berekoak dira Irati Jimenez eta Katixa Agirre ere. «Gure lana gainbegiratua dago, emakume idazleoi azalpen gehiago eskatu izan zaizkigu beti gizonezkoei baino», dio Irati Jimenezek. Katalogatuak sentitu izan dira, eta haiei zuzendu direnei, denek batera, argitarapen honen bitartez erantzun diete. «Agian hemendik urte batzuetara belaunaldi bat izango gara, eta baldin bagara, gure esku egongo da zer-nolakoa izango den definitzea».
Agirrek argi utzi du: «Gainbegiraketa horrek zer edo zer dagoelako sintoma bat behar du izan, mugimendua dagoelako seinale».
Hamaika izen, ezagun eta ezezagun, eta hamar ipuinbildu ditu Orgasmus-ek, erotismoari lotuak gehienak. Idazleetako asko munduaren bazter ezberdinetan bizi da, edo atzerrian ibilia da, eta herrialde horietan kokaturiko ipuinak idatzi dituzte: Garazi Goiaren ipuinak Londres du abiapuntu, Judit Zuloagarenak Bartzelona, Irati Elorrietarenak Berlin...«Lan konplexua izan da munduko bazter ezberdinetan diren euskal idazleen ipuinak biltzea», azaldu du Edorta Jimenezek.
Tania Hearst eta Petra Schelmek sinatutako lana ez da ohiko ipuin gisa agertzen liburuan. Idazle zuri guztien gas-desagertzearen aldeko Pierre Menarden aldarrikapen elkarrizketatua du izenburu. «Literatur joko» gisa definitu du Edorta Jimenezek lan hori, «irakurlearentzako eginiko denbora-pasa».
Goia, Elorrieta, Zuloaga, Hearst eta Schelmez gain, Irati Goikoetxea, Garazi Arrula Ruiz, Irantzu Ezkerro, Iratxe Esnaola, Katixa Agirre eta Irati Jimenezek parte hartu dute bilduman.
Hamar emakumek idatzitako ipuin erotikoak bildu ditu 'Orgasmus'-ek
'Erasmus belaunaldia' etiketa ezarri zietenei erantzun umoretsua eman nahi izan diete bilduma honen bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu