Goya zinema sarietako garaile nagusia izan da bart gauean Pablo Berger zinema zuzendari bilbotarraren Blancanieves filma. Hamar sari lortu ditu orotara, film onenaren saria tartean. Horrez gain, emakumezko aktore —Maribel Verduri—, jatorrizko gidoi, emakumezko errebelazio aktore, argazki, jatorrizko musika, makillaje, jatorrizko kanta, jantzien diseinu eta zuzendaritza artistiko onenaren sariak eskuratu ditu filmak.
Saria jasotzean eginiko adierazpenetan, Bergerrek zinema librearen aldeko aldarria egin du. Faborito zen Blancanieves, hemezortzi sari jasotzeko hautagaitzak baitzituen.
Bergerren filmak Donostiako Zinemaldian hasi zuen gaur arteko bide arrakastatsua, joan den irailean. Orduan oso harrera ona izan zuen filmak, eta ez zen esku-hutsik joan sariei dagokienez. Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen Blancanieves-ek, eta emakumezko aktore onenenarena Macarena Garciak.
Lo imposible izan da beste film sarituetako bat. Lau Goya eskuratu ditu.