Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Hamargarren bat balego...

Arkaitz Mendoza.
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Andres Orozco-Estrada. Abeslariak: Ainhoa Garmendia, Itxaro Mentxaka, Jose Ferrero, Attila Jun. Egitaraua: Beethovenen '9. Sinfonia'. Lekua: Kursaaleko auditoriuma (Donostia). Eguna: Abenduak 3.

Arkaitz Mendoza

Urtea biribiltzeko Bederatzigarrena jarri digu EOSek mahai gainean. Beethovenen sinfoniarik luzeena da, eta interpretazioak gainezka egin zuen bazter guztietatik. Aste honetako bosgarren emanaldia zuten, eta agian nekeak eragina, agian kontzentrazioa txikiagoa zelako, zaila izan zen sinfoniaren musika kontzeptu orokorrari behar bezala jarraitzea. Azaldutakoa Molto vivace pasartean biziki islatu zen. Indarra, atrila irensteko desioa, musika eratze basatia, adoretsua eta talde lanean kutsatzen den energia ezerezean geratu ziren. Ariketa akademiko bat planteatu zuen Orozcok, harritzekoa podiumetik helarazten duen kemena ikusita. Orkestra neketsu aritu zen, egurrezko haize atala tinko mantentzen zen, baina metalezkoaren eta hariaren zonalde grabeak berandu zebiltzan fortissimi bakoitzaren bat-bateko ezustekoetan.

Hasierako Allegro ma non troppo-n sentitu zen bezala, bigarren txatal honetan baketa gogorregiak antzeman nituen tinbalean; soinu inguratzaile eta biribilago bat bilatzekotan baketa bigunagoak hobeto txertatuko ziren. Adagio molto e cantabile ameslarian Orozcok esaldikapenen noranzko aztarnak xarmagarri eratu zituen. Jun baxuarena izan zen agerraldirik baikorrena: bikain korearra. Tenorraren egitekoa arrisku handikoa da sinfonia honetan, eta estu ibili zen Ferrero. Bilboko Koral Elkartea gaztetu beharrean dago; sarrera bakoitza eta amaierako kontsonanteen itxierak guztiz jokoz kanpo interpretatu zituen. Taulapean azaldutako musikarien lan neketsua entzunda, zer gertatuko zen Beethovenen hamargarren bat balego?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.