Arte eszenikoak

Hamasei konpainia ariko dira Donostiako Poltsiko Antzerkiaren 29. Jaialdian

Hilaren 29tik otsailaren 16ra bitarte, formatu txikiko askotariko 34 emanaldi izango dira, hiriko 26 tokitan. Poltsiko Sorkuntza deialdiaren irabazleek, Ttak Teatroak eta Kamikaz Kolektiboak, Matriuska lana erakutsiko dute.

Jaialdiaren antolatzaileak eta hainbat parte hartzaile, Donostian egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2020ko urtarrilaren 28a
09:14
Entzun

Asteazkenean hasiko da Donostiako Poltsiko Antzerkiaren 29. Jaialdia. Formatu txikiko antzezlanak hiriko auzo guztietara eramaten ditu urtero festibalak, eta halaxe egingo du aurten ere. Hamasei konpainiak parte hartuko dute, eta 34 emanaldi egingo dituzte guztira, ohikoan halako ikuskizunak hartzen ez dituzten 26 tokitan —hainbat taberna eta adinekoen egoitza, adibidez—. «Harribitxi» gisa definitu du jaialdia Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak. Emanaldi guztietarako sarrera doakoa izango da.

Jarraitzaile asko dituen jaialdi bat dela nabarmendu du Jon Aizpuruak, Kultur Ekintza saileko zuzendari teknikoak. Horren erakusgarri, azaldu du emanaldi guztietara publiko ugari bildu zela iaz, bai auzoetan eta bai erdialdean. Horregatik, aurten ere programazioan askotariko lanak biltzen saiatu dira, adierazi duenez. «Beti bezala, gure asmoa denetarik egotea izan da; poltsiko antzerkia, zentzu zabalean. Hala, komediak egongo dira, bakarrizketak, antzerki musikatua, clowna...». Hizkuntzari dagokionez, euskarazko zazpi antzezlan jokatuko dituzte, eta gaztelaniazko bederatzi —euskarazko hamasei emanaldi izango dira, eta gaztelaniazko hemezortzi—. Parte hartuko duten hamasei konpainietatik zortzi, berriz, emakumeek osatutakoak dira; beste bat mistoa da, eta beste zazpiak gizonek osatutakoak dira.

Azken emanaldia otsailaren 16an izango bada ere, bezperan festa «erraldoi» bat egingo dute Intxaurrondoko kultur etxean, 21:30ean hasita, jaialdiari amaiera emateko. Paula Valluercak eta Nerea Arriolak beren bakarrizketak emango dituzte, eta Kataluniako The Chanclettes konpainiak, berriz, kabaret giroko Diskomobila ikuskizuna erakutsiko du.

Poltsiko Sorkuntza lehiaketa

Jaialdiaren harira, Poltsiko Sorkuntza lehiaketa ere izaten da urtero, formatu txikiaren esparruan euskarazko lanak bultzatzeko. Hamargarren aldiz egin dute aurten, eta hamar proposamen aurkeztu dira deialdira. Ttak Teatroaren eta Kamikaz Kolektiboaren Matriuska lana izan da irabazlea, eta Elur Sorkuntza Etxearen Esnatu naiz, berriz, finalista. Biak ala biak jaialdian estreinatuko dituzte.

«Plazera» izan da deialdian parte hartzea eta beren antzezlana sortu ahal izatea, Ttak Teatroko eta Kamikaz Kolektiboko Iraia Eliasek eta Amancay Gaztañagak adierazi dutenez. «Bagenuen ideia bat bueltaka aspaldian, eta, bekari esker, posible izan da buruan genuen hori gauzatzea», adierazi du Eliasek. Haren ustez, «ederra» da formatu txikian aritzea, publikoarekin gertutasun handia sortzen delako, eta horixe bilatu dute obra berriarekin. Gaztañagaren hitzetan, batzuetan, ideia bai baina berau gauzatzeko dirurik edo lehen emanaldiak egiteko plataformarik ez dute izaten sortzaileek. «Donostia bada plaza bat gero ateak irekitzen dizkizuna, eta eskertuta gaude», gehitu du.

Aurkikuntza baten aurrean dauden bi zientzialari dira Matriuska antzezlaneko protagonistak, eta «ezustekoz betetako bidaia bat» egingo dute. Hortik aurrera, eta umoretik jo dutela aurreratzeaz gain, bi sortzaileek ez dute xehetasun gehiagorik eman, publikoak bidaia hori haiekin egitea nahi baitute. Lau emanaldi egingo dituzte: otsailaren 2an, Egiako Le Bukowskin ariko dira; 9an, Igeldoko Itsas Aurren; 14an, Martuteneko Etxarrienen; eta 15ean, Bidebietako Kontadoresen.

Esnatu naiz lana, berriz, beste lau tokitan taularatuko dute: erdialdeko Botanika tabernan (hilaren 29an); Herrerako El Nidon (otsailaren 7an); Sagues auzoko Scannerren (9an); eta Egiako La Tabernan (14an).

Bi horiez gain, euskarazko beste hainbat lan ikusi ahal izango dira jaialdian, tartean, Inpro-komeriyak (Iñaki Maruri, Ismael Pereira, Mitxel Santamarina); Irlandar edo euskaldun (Barry Barrez) eta Ez dok hiru (Tartean Teatroa).

Donostia Kulturaren webgunean daude ikusgai jaialdiaren programazio osoa eta bestelako xehetasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.