Hilberria. Susanne Lothar

Hanekeren aktore kutuna

Igor Susaeta.
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Itxura hauskorreko emakumea zen Susanne Lothar aktore alemaniarra (Hanburgo, 1950-Berlin, 2012). Baina ia beti muga-mugan zeuden pertsonen rolak jokatu zituen bere ibilbide oparoan. Tartean daude Michael Hanekerekin egin zituen filmak. Zuzendari austriarraren aktore kutunetako bat zen. Herenegun hil zen, 51 urterekin. Familiako abokatuak ez zituen arrazoiak azaldu, familiarekin errespetuz jokatzeko.

Duela bost urte haren senarra zena hil zen, 54 urterekin. Hura ere alemaniarra. Hura ere aktore ezaguna: Ulrich Muhe. Stasi poliziako bihotz oneko espioiaren papera harrigarriki jokatu zuen Muhek Das Leben der Anderen (2006) bikainean. Hanekeren Funny Games (1997) bortitzean, Lotharrek eta Muhek elkarrekin lan egin zuten. Bikote ziren filmean bertan. Zuzendari beraren Das Schloss-en ere batera aritu ziren, urte berean. Gainera, filmeko protagonistak ziren biak ala biak. Lau urte geroago, 2001ean, Hanekerekin lan egin zuten atzera, La pianiste triste bezain beldugarrian. Schober anderearen papera jokatu zuen Lotharrek.

La pianiste bezain beldugarria zen Hanekeren Das Weisse Band (2009), zuri-beltzean filmaturikoa. Hartan ere aritu zen Lothar. Baina famatu egin aurretik ere, telebistan eta antzerkian lan asko egindakoa zen. 1983an, esaterako, Alemania Federaleko emakumezko aktorerik onenaren saria eman zioten Eisenhans filmagatik. Azken urteetan, berriz, The Reader (2008) ezagunean esaterako, Kate Winsletekin batera lan egin zuen Lotharrek. Eta, aurten bertan, Leon Tolstoiren Anna Karenina liburuaren zinemarako egokitzapenean parte hartu du. Joe Wrightek zuzendu du, eta Jude Law eta Keira Knightley dira protagonistak. Halere, oraindik ez dute estreinatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.