Harkaitz Cano: «Literatura da inoiz berritasun izateari uzten ez dion albiste sorta»

Beterriko Liburua literatur aipamena jaso du Amasan, 111 Akademiako irakurleek 'Twist' nobelari emana

Juan Luis Zabala
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Sari bat jasotzeari «liburu bat idaztetik gehien urruntzen den gertaera» irizten badio ere, Harkaitz Canok pozik eta esker onez jaso zuen atzo, Amasako kultur etxean, Beterriko Liburua saria, 111 Akademiako irakurleek haren Twist eleberria iaz argitaratutako euskarazko libururik onena iruditu zaielako irabazia.

Saririk espero gabe idatzi behar du idazleak, Canoren iritziz,Stendhalen aholkuari kasu eginez: «Derrigorrezkoa da asko desiratzea, bai, baina derrigorrezkoagoa are deus ez espero izatea, eta, batez ere, ez eskatzea…». Idazle baten idazmahaian ez ezik, edonoren idazmahaian jartzeko moduko aholkutzat du Canok Stendhalena. «Eta ez gaitezen engaina, denok gara idazle, noizpait kontrakoa sinetsarazi baziguten ere. Irakurlea idazle baita, jakin ez dakien arren batzuetan. Idazlea eta irakurlea jada ez dira gauza bereiziak, inoiz hala izan baziren. Ez writer eta ez reader, ingelesek wreader esaten diote biak biltzen dituen mutazio eder honi. Gorka Bereziartuari irakurri nion nik euskarazko baliokidea: idazkurlea».

Irakurle kritikoaren gorazarrea

Beterriko Liburua literatur aipamena irakurleek emandako saria izaki, irakurleari buruz mintzatu zen Cano, «begiak testuaren gainean irristatu baino zerbait gehiago egiten duenaz» bereziki, «irakurle kritikoaz, irakurtzen duenean mentalki azpimarratuz doan, eta,beraz, irakurtzen ari dena mentalki berridazten duen irakurle mota horretaz».

«Kultura eta aisialdia gehiegitan nahastu eta berdintzen diren garaiotan», Canok «literaturaren aldeko aldarria» egin behar dela uste du, «literatura baita inoiz berritasun izateari uzten ez dion albiste sorta. Hori da, behintzat, bere bokazioetako bat. Inoiz berritasun izateari uzten ez dion albiste sorta izatea. Gogoratzen ez ditugun gauzen memoria izatea. Rafa Ruedak abestu bezala: 'Iraganak zulorik izango balu / ispilua luke atea / non iragana eta oraina / elkarri agurtu eta solastu ahal izan'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.