Harkaitz Cano: «Nobela bat idaztean, garrantzitsua da mina non dagoen jakitea»

«Konpasaren orratza» 80ko hamarkadan kokatu du 'Twist' eleberria idazteari ekiterakoan

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren antzera, bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten Xabier Soto eta Kepa Zeberio, artean oso gazte zirela, 80ko hamarkadan. Soto eta Zeberioren adiskide min zen Diego Lazkano, haien antzerki talde bereko kidea izateaz gain. Hogeitaka urte pasatu eta gero, Lazkanok —idazle eta itzultzaile egina ordurako— oroimenean tinko txertatuak dauzka oraindik Soto eta Zeberio. Beti ari da pentsatzen bera izan zitekeela Soto, beraizan zitekeela Zeberio; beti ari da haiek biziko zuketena birbizitzen saiatzen. Hiru pertsonaia horien arteko adiskidetasuna ardatz hartuta islatu du 80ko hamarkadako Euskal Herriko giroa Harkaitz Canok Twist nobela (Susa) osatzen duten 432 orrialdeetan, ondorio sakon erabatekorik espero gabe. «Gure garaiko ekintzetan eta oroitzapenetan harramazka egiten saiatzen gara, baina azkenean ez dugu ia-ia inoiz lortzen sakoneko ezertara iristea».

«Nobela bat idaztean», Canoren ustez, «garrantzitsua da konpasaren orratza non ipini, mina non dagoen jakitea. Minak bereizten ditu literatura eta liburua; liburu batek mina nahitaezko du, literatura izango bada. Mina erauzia izan zaion nobela liburua da, baina ez literatura. Konpasaren orratza nonbait ziztatua behar du literaturak. Kasu honetan, konpasaren orratza 80ko hamarkadan kokatzen da, arrazoi sentimental eta literarioengatik nagusiki, 1983an zehazki».

Twist-en egileak zortzi urte zituen 1983an. «Ordura arte haur gisa babestuta bizi ondoren, adin horretan-edo hasten zara esnatzen, eta ikusten betiko zirela iruditzen zitzaizkizun gauza batzuk ez direla betiko». Adibidez, Canok modu kontzientean ezagutu zuen AEBetako lehen lehendakaria Ronald Reagan izan zen. «Ume zarela, Ronald Reagan da AEBetako presidentea, eta zuk espero duzu, AEBak beti existituko diren bezala, Ronald Reagan ere beti existituko dela. Eta, ume gisa, pena hartzen duzu Ronald Reaganek presidente izateari uzten dionean, zoru finko bat kendu egin dizutela sentitzen duzulako».

«Behin min hori identifikatu eta abiaturik», 1983an 20 urte dauzkaten pertsonaiak aukeratu zituen. «Une horretatik aurrera sortzen da adiskidantzazko istorio hori. Pertsonaiak fikziokoak dira, istorioa fikzioa da, baina, jakina, bai pertsonaiak eta bai istorioa 80ko hamarkadaren ispiluan jarriak izan dira, ispilu deformante batean, eta ispilu horretan identifikagarri egingo dira 80ko hamarkadan Euskal Herrian bizi izan zen edonorentzat».

Errealitatea itxuraldatuta islatzen duen ispilu hori da idazleak errealitate jakin bat finkatzeko erabiltzen dakien tresna bakarra. «Ni ez naiz kronista, ez naiz kazetaria. Ez nuke asmatuko 80ko hamarkadaren kronika bat egiten. Nik fikzioa lantzen dakit, eta iruditzen zait fikzioaren armekin benetan finkatzen dela errealitate bat. Ez da inolako epifania edo garaiaren irakurketa behin betikoa egiteko ahalegina, une eta gertaera jakin batzuen kontaketa baizik. Gaur egun hain aipatua den gure historiaren eta historialarien storytelling horretan, kontatzeko gogoa daukagun hainbat gauza gelditzen dira oraindik kontatu gabe, eta hortik dator neurri batean nobela, hor dago ziztatua konpasaren orratza».

Nobelan badago hala ere, denborari dagokionez, «halako joan-etorri bat». 80ko hamarkadan abiatzen da, baina «gaur egun indefinitu batean» amaitzen. Twist izenburuak badu zerikusirik horrekin. «Badago iraganaren eta orainaren arteko dantza bat. Errebobinatze etengabeko bat dago, Diego Lazkanok bere lagun galduak berreskuratu nahi eta ezin bat. Eta errebobinatzen da, gainera, 80ko hamarkadan errebobinatzen zen bezala, Rewind botoiari sakatuta, modu zaratatsuan eta itsumustuka, jakin gabe nora iritsiko zaren. Errebobinatze digitalean, oso ondo dakizu zein kantu hautatzera zoazen atzera zoazenean. Bere buruko kasetea errebobinatzen duenean, aldiz, Diego Lazkanok ez daki oso ondo nora iritsiko den».

Fribolotik sakratura, dantzan

Nahiz eta zuzeneko agerpenik ez izan twistak, bestelako loturarik ere bada dantza molde horren eta nobelaren artean, egilearen ikuspegian bederen. «Twista dantza fribolotzat jo daiteke, eta nobelan etengabe agertzen da friboloaren eta sakratuaren arteko kinka. Gauza friboloetatik sakratuetara goaz etengabe, solasaldietan, gertaeretan eta bizitzan, eta bi horien artean mugitzen dakiena da azkenean, nire ustez, superbibientea. Horretaz gain, twista bada, nobelako gertaera larrien eta gordinen aurrean, dantza fribolo bat, askea, bakarrik egin daitekeena baina elkarri begira, etabadu deslokamendua ere, nor bere gorputzetik ateratzeko ahalegin bat ikusten baita twistaren mugimenduan».

«Nobelan etengabe ageri da norberaren eta norberaren islaren arteko jokoa», Canok dioenez, «norberaren eta norberaren errepresentazioaren arteko jokoa. Antzerkiak ere badu protagonismoa, eta baita besteen imitazioak ere. Nola gu garen, baina nola besteak bezalakoak ere izan garen gu, nortasun likido halamoduzko edo lauso batean».

Nobelako geografia «oso donostiarra» da tarteka, orain arte lortu ez duen zerbait lortu nahi izan duelako egileak. «Niri Donostiak beti traba egin izan dit fikzioan, kloroformo dosiak txertatu dizkiet Donostian kokatu ditudan fikzioei —nire talentu faltagatik, ez beste ezergatik—, eta neure buruari nobela honetako fikzioa Donostian kokatzeko erronka jarri nion». Beste hiri batzuek ere badute garrantzirik kontaketan, Bartzelonak bereziki.

Beste erronka batzuei aurre egiteko inolako asmorik ez du, haatik, Canok; bere obra ezagutzen duten literaturzaleek egin ohi dizkiotenei, hain zuzen ere: liburu bat idaztea arteari buruz hitz egin gabe, eta liburu bat idaztea Txekhov edo gustuko beste idazle batzuk aipatu gabe. «Ez dut nahi, eta zer?», erantzuten die erronka horiei, lasaitasun osoz. Horregatik, beldurrik gabe txertatu ditu zenbait irakurleri «irritanteak» gertatuko zaizkiola uste duen digresioak. Nobelako pertsonaiek arte garaikideari buruzko solas luzeak dituzte, Joseph Beuys eta Marina Abramovitx artistei buruzkoak bereziki, haienganako pasioa sentitzen dutelako. Elkarrizketa horiek ekintza ere izan daitezen ahalegindu da, hala ere. «Elkarrizketak askotan dueluak dira. Ez dago ezpatarik, baina Marina Abramovitxi buruz hizketan ari dira, eta Marina Abramovitx ezpata baten antzekoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.