Galiziako PEN klubak, bi urtean behin, lau idazleren ibilbidea saritu egiten du. 12. edizioan, Harkaitz Canok jaso du saria, eta, harekin batera, Carmen Boullosa mexikarrak, Sergi Belbel katalanak eta Nuno Júdice portugaldarrak, Galiziarekin duten harremanarengatik. Atzo banatu zituzten sariak, Santiago de Compostelan.
Zortzi lagunek osatutako epaimahaiaren ustez, idazle horiek "Galiziako literaturaren enbaxadorerik onenak" dira. Lau horiekin, 44 dira Rosalia de Castro saria jaso duten idazleak. Horien artean daude, besteak beste, Itxaro Borda, Mariasun Landa, Anjel Lertxundi eta Bernardo Atxaga.
Canok, hain justu, Fakirraren ahotsa izeneko eleberria argitaratu berri du, Susa argitaletxearekin. Imanol Lurgain izeneko protagonistaren bitartez, Imanol Larzabal abeslariaren bizitzan oinarritutako fikziozko kontakizuna sortu du.