Harkaitz Canoren 'Mecanografiak' antologia argitaratu du Txalapartak

Idazleak hogei urtetan hainbat liburutan eta bestelako euskarritan idatzitakoak jaso dituzte bilduman. Irati Jimenez idazleak egin du 28 narrazioen hautaketa.

Harkaitz Canonoren hainbat narrazio bildu dituzte 'Mecanorgafiak' liburuan. GORKA RUBIO
Maider Galardi
2018ko irailaren 19a
16:04
Entzun

"Asko idatzi duen idazlea da Harkaitz Cano, eta oso irakurzalea ere bai". Hala deskribatu du Irati Jimenez Mecanografiak antologiaren hautatzaileak Cano bera. Hala, bere lanak hamaika eratara argitaratuta daudela nabarmendu du: "Hasi zen Euskadi Irratian kolaborazioak egiten, idatzi du egunkarietarako, ipuin liburuak ditu eta Athletic Fundaziorako ere idatzi du, besteak beste". Orain arte, ordea, ez zeuden lan horiek guztiak euskarri bakarrean jasota, eta horregatik kaleratu du Txalapartak narrazio bilduma. Gaur goizean egin dute Mecanografiak liburuaren aurkezpena, Donostiako Udal Liburutegiaren sotoan.

Jimenez izan da ipuinen aukeraketa egin duena, baina Canok gertutik jarraitu du prozesua. Aitortu du atzera begirakoa ariketa interesgarria izan dela, batetik duela hainbat urte idatzitakoa "kategorikoki ez epaitzeko", eta, bestetik, ipuinak berriz irakurtzeak sentsazio berriak sortu dizkiolako: "Batetik bada errekonozimendua, inoiz hori idatzi nuenarena. Bestetik, izan dut halako ziurgabetasun bat, ez nintzelako ongi gogoratzen zer idatzi nuen. Eta gertatu zait bizpahirutan akordatu ere ez nintzela egiten hori idatzi nuela". Azken horiei "autobiografiaren suspensea" deitu die idazleak.

Hain zuzen ere, antologiaren izenburuak ere badu biografiatik Jimenezen arabera. Are, 1995ean kaleratutako Radiobiografiak narrazio bildumari ere egiten dio erreferentzia: "Hiru urtez Euskadi Irratian kolaboratu ondoren, lehenengoz bildu nituen narrazioak liburu batean", azaldu du Canok. Ordutik, hainbat euskal argitaletxetan eta bestelako hedabidetan hartu dute plaza idazlearen lanek. Jimenezen ustez "idazle malgua" da Cano, eta horregatik, hainbat lekutan utzi du arrastoa. Hogei urteko tartean egindako lan hori jaso, berrirakurri eta osotasunean landu ditu Jimenezek, eta, orain, Mecanografiak liburuan izango da eskuragarri.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.