Errealismo sozial britainiarraren barnean, Lynne Ramsayk adarrik independenteena ordezkatuko luke. 1999an Ratcathcher-ekin egin zuen formatu luzeko debuta, eta aurretik film laburrekin sortuak zituen aurreikuspenak bete zituen. Ryanen heriotzaren gainean eratutako istorioak inguruko paisaia sozialari begirada zorrotza luzatzeko baliatu zuen zuzendari hasiberriak.
Hurrena, 2002an, nahiko oharkabean pasatu zen Morvern Callar, eta, horren ostean, isilaldi zinematografiko luzea etorri zen. Iaz bueltatu zen pantaila handietara, eta bere itzulerak oihartzun handia izan du. We Need to Talk about Kevin» Cannesko zinemaldiko sail ofizialean estreinatu zuten, eta, hortik aurrera, sari eta izendapen dezente izan ditu drama horrek; bereziki, Tilda Swintonen interpretazioak.
Lionel Shiverren eleberriaren moldaketa da Ramsayren azken lana. 2005. urtean kaleratutako liburua da, eta argitaratu zuenean polemika nahiko handia eragin zuen. Izan ere, liburuak zein filmak lantzen duten gaia ez da batere samurra, are gutxiago horren inguruan ematen duten ikuspuntu deserosoa.
Zalantza handiak izan ostean, Evak seme bat izatea erabakiko du. Horrela jaioko da Kevin, baina ia hasieratik arazoak hasiko dira. Amaren eta semearen arteko harremana ez da inoiz ona izanen, eta hartutako erabakiaz zalantza ugari sortuko zaizkio Evari .
Hamabost urte betetzean, Kevinek neurriz kanpo dagoen zerbait eginen du, eta gertaera horrek azalera ekarriko du urte luzez lur azpian ezkutuan gordeta egon den liskarra. Evak bere burua joko du Kevinen portaeraren erantzuletzat, baina jarrera horrek ez du batere lagunduko familia giroa zuzentzen.
'WE NEED TO TALK ABOUT KEVIN'
Zuzendaria: Lynne Ramsay.
Aktoreak: Tilda Swinton, Ezra Miller, John C. Reilly, Jasper Newell, Siobhan Fallon.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2011.
Iraupena: 110 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Harreman liskartsuak
Hamar urteko isilaldiaren ondotik, drama sozialera itzuli da Lynne Ramsay zuzendaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu