Harrera epela Cannesen 'On the Road' Kerouacen liburuaren egokitzapenari

Walter Salles zuzendariak «zerbait galdutako sentipena» adierazi nahi izan du filmean

Agentziak
Cannes
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Literaturako izen handietako bat da On the Road Jack Kerouacen liburua. Haren egokitzapena egin dute zinemarako, eta atzo aurkeztu zuten Cannesko zinema jaialdiko sail ofizialean. Harrera epela egin zioten bai zaleek eta bai kritikariek. Walter Salles zuzendariak liburuaren egokitzapen fidela egin du, eta atzo esan zuen «zerbait galdutako sentipena» adierazten saiatu dela filmean. Hain zuzen, espiritu hori bera islatzen du liburuak.

Brasildarrak, gainera, argitu nahi izan zuen ez dela Beat belaunaldia-ri buruzko istorio bat, «belaunaldi horren eratze prozesuari buruzkoa baizik». Akzioa New Yorken girotu du hasieran Sallesek, eta Kerouacen bidaiari buruzko xehetasun ugari ematen ditu gerora. Haren idazle ibilbidearen hasiera erakusten du, baita lagunekin zuen harremana ere. Garret Hedlund, Sam Riley eta Kristen Stewart dira filmeko protagonista nagusiak.

Leos Caraxen Holy motors polemikoa ere atzo aurkeztu zuten sail ofizialean. Nola txistu hala txalo egin zioten zuzendari frantziarraren filmari. Batzuentzat «bikaina» da, eta beste batzuentzat, aldiz, «izugarri txarra» Bizitzaz bizitza jauzi egiten duen pertsona baten istorioa kontatzen du. Aktore bakar batek, Denis Lavanek, hamar bat pertsonaiaren rola jokatzen du. Hori guztia lanegun bakarrean, Parisen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.